Igor Zubeldia futbol jokalari azkoitiarrak eta Unai Marrero atezain azpeitiarrak Espainiako Kopako finala jokatuko dute Realarekin. Talde txuri-urdinak 1-0 irabazi zion Athletici atzo, asteazkena, Anoetan, Oiartzabalek penaltiz sartutako gol bati esker. Bilboko emaitza errepikatu zuen Realak atzo bere zelaian, eta hala, apirilaren 18an Sevillako (Espainia) La Cartuja zelaian jokatuko den finalerako sailkatu dira txuri-urdinak; Atletico Madril taldea izango du arerio Realak.
Hasiera ona egin zuen Athleticek, eta estu hartu zuen Reala. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, txuri-urdinek bere lekua aurkitu zuten zelaian, eta partidari neurria hartzen hasi ziren. Nolanahi ere, hutsean amaitu zen lehen zatia. Bigarren zatiari ere Bilbokoek hobeto ekin zioten, eta lehen zatian baino gehiago kostatu zitzaien Athleticen jokoa kontrolatzea. Dena den, amaierarako bost minuturen faltan ziurtatu ahal izan zuen Realak garaipena. Epaileak VARaren laguntzaz penaltia adierazi zuen txuri-urdinen alde, eta Mikel Oiartzabalek ez zuen barkatu 11 metrotatik.
Epaileak amaiera adieraztearekin bat lehertu zen festa Anoetan; izan ere, saria ez da nolanahikoa: Realak Kopako finala jokatuko du Atletico Madrilen aurka, oraingo honetan, zaleen babesarekin. 2021eko apirilaren 3an jokatu zuten txuri-urdinek txapelketa horretako azken finala Athleticen aurka, eta Sevillako final hura irabazi zuen Zubeldiak; Realak 1-0 hartu zuen mendean Bilboko taldea. Aurreneko finala izango du, bere aldetik, Marrerok. Txanponaren beste aldean, finalaren atarian gelditu dira Athleticeko Yuri Berchice eta Alex Padilla zarauztarrak eta Urko Izeta aiarra.