Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa asteburu erabakigarrietan murgilduta da. Urola Erdiari dagokion txapelketa finaleraino iritsi da dagoeneko, herenegun, ostirala, Azkoitiko Azpurutxon azken finalerdia jokatu eta gero. Urola Kostakoa, berriz, finalerdietan murgilduko da orain; izan ere, ostiralean jokatu zuten azken final laurdenetako saioa, Getariako Askizu auzoko elkartean.
Aizpurutxoko Itziar jatetxeko jangela handia goraino beteta jokatu zuten Urola Erdiko azken finalerdia. Jon Gurrutxaga, Oihana Labiano eta Suhar Gesalaga azpeitiarrak aritu ziren Txemaizterrak taldean, eta Oskar Alberdi, Gorka Olaizola eta Aitor Salegi zestoarrak Erralla taldean. Baina, Azpeitiko taldea nagusitu zen lehian. Txemaizterrakekoek hamabi puntu batu zituzten Aizpurutxoko bertso afarian, eta bederatzi Zestoakoek.
Saio polita eta jostaria osatu zuten bi taldeetako bertsolariek, gaiak lurreratzeko nahiz kontrarioei eztena sartzeko ahalegina eginez eta aurreko ariketei-eta keinuak eginez. Publikoak ez zuen alde nabarmenik antzeman bi taldeen arteko jardunean, eta epaia emateko garaian bazen jakin-mina. Emaitza jasota, konforme geratu ziren sei bertsolariak, eta gustura egindako lanarekin. Herriartekoa ez baita txapelketa zurrun bat, herriartekoa giro bat da, plaza bat, lagunarte bat, bertsoaren inguruan dantzan aritzekoa.
Horrenbestez, erabakita geratu da Urola Erdiko adarraren finalean nor arituko diren bertsotan: Txemaizterrak taldekoek Zaharrak Berri taldeko Haritz Etxeberria Ministro, Beñat Lizaso eta Jokin Uranga bertsolariak jokatuko dute. Final hori martxoaren 13an, ostiralez, jokatuko dute, Azpeitiko Charles Chaplin tabernan, 22:00etan hasita.

Getariarrak nagusi Askizun
Urola Kostako Herriarteko txapelketaren final laurdenetako azken kanporaketa, bestalde, Askizuko San Martin elkartean izan zen ostiralean. Afaltzeko 40 bat lagun elkartu ziren, eta afari ederraren ondoren, Zarauzko Gazte-jendia eta Getariako Arrai Nahastua taldeetako bertsolariak aritu ziren kantuan. Getariako Arrai Nahastua taldea izan zen azkenean irabazlea, 15 punturekin.
Zarauzko Gazte-jendia taldeko bertsolariak Jakes Etxeberria Oñatibia, Andoni Aranberri Loiola, Mateo Larraza Izagirre eta Adei Urbitarte Aiestaran izan ziren, eta Arrai Nahastua taldeko bertsolariak, berriz, Libe Goenaga Arrieta, Danel Olano Eizagirre eta Amets Aizpurua Mantzisidor. Gai-jartzaile lanetan, bi taldeetako kideak aritu ziren: Zarauzko Ixone Aierbe eta Getariako Ane Ezenarro. Bestalde, epaimahaia Zarauzko gazte-jendia taldeko Itxaso Irastorzak, Arrai Nahastua taldeko Nerea Kamiok eta Orioko Errikotxia taldeko Xabier Iribarrek osatu zuten.
Giro goxoa eratu zen elkartean, afalostean agertu ziren entzuleek lagundua, eta saio polita osatu zuten. Hori horrela, erabakita geratu dira martxoaren 6an Zarauzko Hiruputzu gaztetxean jokatuko dituzte finalerdietan kantuan ariko diren taldeak: 19:30eko lehen saioan, Zarauzko Allepunta eta Andraseñorak taldeak arituko dira nor baino nor gehiago, eta afalostean, Aizarnazabalgo Joxe Jimenezen Kasta eta Getariako Arrai Nahastua. Bi bertso saio horietatik aterako dira martxoaren 14an Orion jokatu den finala jokatuko duten bi taldeen izenak.
Urola Erdiko eta Urola Kostako finalak jokatu eta gero, bi adar horietako irabazleak Gipuzkoa mailako txapelketan sartuko dira. Hain justu, Urola Erdiko eta Urola Kostako irabazleek elkarren aurka abestu beharko dute, apirilaren 18an.