Taldeko aktore onenaren Goya saria irabazi du Nagore Aranburuk

Ihintza Elustondo 2026ko otsailaren 28a

Nagore Aranburu Goya saria jasotzen. (Goya sariak)

Los domingos filmean egindako lanagatik eskuratu du saria aktore azpeitiarrak. Filmeko komunitate guztia eta etxekoak izan ditu gogoan oroigarria jasotzerakoan. Elena Irureta eta Kandido Uranga zumaiarrek ez dute saririk lortu. 

Espainiako Zinema Akademiak Goya sariak banatu ditu gaur, larunbata, Bartzelonan, eta Nagore Aranburu aktore azpeitiarrak eskuratu du taldeko aktore onenaren emakumezkoen saria, Los domingos filmean egindako lanagatik; lan horregatik Feroz saria ere jaso zuen Aranburuk. Alauda Ruiz de Azua bizkaitarrak zuzendutako lanak klausurako komentu batean sartu nahi duen nerabe baten istorioa kontatzen du, eta Aranburuk komentuko buruaren papera du lan horretan. 

Goya saria jasotzera oholtzara igo denean, hitz hauek esan ditu Aranburuk: "Musu bana eman nahi diet gainontzeko izendatuei. Sari hau elkarbanatu nahi dut Los domingos filmeko komunitate guztiarekin, ekoizle guztiekin; eskerrik asko komunitate honetan sinesteagatik. Talde guztiarekin partekatu nahi dut saria, zuen eskuzabaltasunagatik, zuekin lan egitea plazera izan delako. Batez ere, taldeari eskaini nahi diot saria, furgonetan eta gaueko lanetan ordu ugari elkarbanatzen ditugun horiei, baita ogitartekoak jateko tarteak hartzen ditugun horiei ere. Goya hau zuentzat guztiontzat da; oso polita egongo da apalategian, baina nirekin eramango zaituztet. Etxekoei, musu handi bat, nire babesa zarete. Ekhi eta Lur, nire izarrak. Anartz, maite zaitut maitea. Eta ama, orain bai, ireki xanpain botila Azpeitian. Eskerrik asko". 

Elena Irureta eta Kandido Uranga, saririk gabe

Eskualdeko beste bi aktore ere Goya sariak eskuratzeko hautagaien artean zeuden. Hain zuzen ere, Maspalomas filmean egindako lanagatik gizonezko aktore onenaren saria eskuratzeko hautagaietako bat zen Kandido Uranga, eta Elena Irureta, berriz, taldeko emakumezko aktore onenaren sarirako hautagaia zen, Sorda filmean egindako lanagatik. Dena den, bi aktore horiek garaikurrik gabe itzuli dira etxera. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide