Oria ibaian jokatu dute gaur Gipuzkoako Batel Ligako zortzigarren jardunaldia, Zarautz Arraun Elkarteak (ZAE) antolatuta. Ohi bezala, eskualdeko ontzi ugarik parte hartu dute hainbat kategoriatan, eta garaipen bat baino gehiago eskuratuta itzuli dira etxera. Seniorretan, esaterako, gizonetan Oriok eta emakumeetan Zarautzek irabazi dituzte estropadak.
Zarautzek hamar ontzi uretaratu ditu guztira. Infantil nesketan Zarautz B ez da fin aritu, eta hamabosgarrena izan da. Promesa mutiletan A ontziak hirugarren bukatu du, eta B ontziak, zazpigarren; promesa nesketan, A ontzia hamahirugarren sailkatu da, eta B ontzia hemezortzigarren.
Jubenil nesketan, Zarautz A hirugarrena izan da eta Zarautz B, berriz, zortzigarren. Azkenik, senior gizonezkoetan, lehen bi postuak Oriorentzat izan dira. ZAEk hiru ontzi uretaratu ditu, eta Ak hirugarren bukatu du, Ck laugarren eta Bk seigarren.
Oriok, berriz, hamabi ontzi izan ditu lehian gaurkoan. Infantil mutiletan ere Orio A izan da bizkorrena, eta hirugarren egin du Orio B taldeak. Infantil neskak bosgarren izan dira, eta promesa mutiletan ere garaipena eskuratu du A ontziak, eta bosgarren eta bederatzigarren izan dira B eta C ontziak. Promesa neskak ez dira hain fin ibili, 14. izan baita B ontzia, 16. C ontzia, eta 20., azkenik, A ontzia (deskalifikatua izan da). Jubenil mutiletan, seigarren egin du Oriok.
Getaria eta Zumaia ere lehian
Getariak ere ontzi mordoxka izan ditu lehian, zazpi. Infantil neskak ibili dira finen, A ontziak bigarren egin baitu, eta B ontziak, laugarren. C ontzia ere atera dute, eta 11. egin dute horiek. Promesa mutilak hamargarrenak izan dira, eta neskak 11. tokian sailkatu dira. Jubenil mutiletan, berriz, A ontzia zazpigarren izan da, eta B ontzia, zortzigarren.
Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteak bost ontzi uretaratu ditu: infantil nesketan seigarrena izan da; promesa nesketan, A ontzia seigarren sailkatu da eta B ontzia hamargarren; eta jubenil mutiletan, berriz, Zumaia A bosgarrena izan da, eta Zumaia B, berriz, bederatzigarrena.