Asteburuan, Gipuzkoako eta Bizkaiko zazpi udalerritan Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen III. Piano Jaialdia egingo da; denera, 500 piano ikaslek parte hartuko dute. Pianoa protagonista izango duen jaialdiaren egoitzetako hiru izango dira bihar, larunbata, Azpeitia, Zarautz eta Zestoa.
Azpeitian herriko Juan Antxieta musika eskolako nahiz Zumarragako eta Zegamako musika eskoletako 39 ikaslek piano emanaldiak eskainiko dituzte, Soreasu antzokian. Azpeitiko piano jaialdia bi emanalditan banatuta egingo dute, 10:30ean eta 11:30ean, hain zuzen ere. Emanaldietarako sarrera doan izango da.
Zarautzen egun osoko piano jaialdia izango dute Modelo aretoan, 10:30ean hasi eta 19:30 arte. Guztira, 130 piano jotzailek parte hartuko dute jardunaldian, Zarauzko musika eskolako piano ikasleez gainera, Elgoibarko, Oiartzungo eta Orioko musika eskoletakoek ere parte hartuko dute.
Zestoan ere bihar egingo dute piano jaialdia, Kultur Etxeko aretoan, 10:00etan hasita. Bi jardunalditan banatuta 36 piano ikaslek parte hartuko dute. Zestoako Ertxiña musika eskolakoez gainera, Azkoitiko Bizkargi, Anoetako nahiz Lekeitioko musika eskoletako ikasleek eskainiko dituzte emanaldiak.
III. Piano Jaialdian parte hartuko duten ikasleak adin eta maila guztietakoak izango dira. Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak adierazi du topaketa pedagogikoa eta artistikoa dela: "Gazteen eta helduen artean kultura eta musika-trukea sustatzeko ezinbesteko hitzordu gisa sendotzen ari den ekitaldia da piano jaialdia".
Azpeitiaz, Zarautzez eta Zestoaz gainera honako udalerrietan egingo dira III. Piano Jaialdiaren emanaldiak: Bizkaian Bilbon eta Durangon, eta Gipuzkoan Arrasaten, Soraluzen eta Lezon.