Errezildik Iraetara Aizarnatik barrena doan GI-3730 errepidearen zati bat itxiko dute datorren asteartean eta asteazkenean, errepideko lanak tarteko. Zehazki, Bentaberritik Etumetara doan bide zatiari eragingo diote lanek, 14+336 kilometro puntuan erabat itxiko baitute errepidea, galtzadaren zabalera dela-eta, ezin dutelako han txandakako pasabiderik egin.
Martxoaren 3an –asteartez– eta 4an –asteazkenez– egingo dituzte lanak, 9:00etatik 17:30era. Ondorioz, ordu tarte horretan errepide zatia erabat itxita egongo da asteartean, eta ordu erdiko etenak egingo dituzte asteazkenean.
Lan horiekin, bide zati horretan dagoen zuloa konponduko dute. Ordezko ibilbide gisa Azpeitia eta Iraeta artean dagoen GI-631 errepidea erabiltzeko gomendioa luzatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.