Josu Zabala 'Basajaun' ETAko militantearen heriotza ikertzeari ekin dio Pako Aristi kazetariak

Nerea Uranga 2026ko otsailaren 27a

Josu Zabala 'Basajaun'-en gorpua agertu zen tokian Itziarko Mendatan, haren ama Maria Jesus Salegi. (Gotzon Aranburu)

1997ko martxoaren 27an hilda agertu zen Josu Zabala Basajaun Itziarren, lau egun lehenago Bilbon desagertu ondoren. Haren heriotza ikertzeko Egia ilunpetik argira herri ekinaldia abiatu dute Gure Bazterrak elkarteak eta Zabalaren familiak, Pako Aristi kazetari eta idazleak gidatuta. Inork Zabalaren desagerpenaren berri zerbait jakinez gero, haiekin harremanetan jartzeko eskatu dute.

Lekukotza berri bat izan eta hari segika, Josu Zabala Basajaun ETAko militantearen heriotza ikertzen hasi dira Pako Aristi kazetari eta idazle urrestildarrak gidatuta. Egia ilunpetik argira herri ekinaldia abiatu dute Gure Bazterrrak elkarteak eta Zabalaren familiak –haren ama Maria Jesus Salegi azpeitiarra da, Kortatxokoa–.

Zabala etxarriarraren (Nafarroa) gorpua 1997ko martxoaren 27an agertu zen Itziarren Mendata mendian (Deba, Gipuzkoa). Bertsio ofizialaren arabera "bere buruaz beste" egin zuen. Egia ilunpetik argira herri ekinaldiko Amaia Erdoziaren arabera, ordea, "orduan Zabalaren heriotzaz jakinarazitako datuek bertsio ofiziala egiazkoa zen zalantzan jartzen zuten".

Bilboko La Tortilla tabernaren –udaletxearen ondoan dago– aurrean eman zuten atzo ikerketa abiatzeko egitasmoaren berri Aristik, Erdoziak, Ander Lizarralde Gure Bazterrak elkarteko kideak eta Nerea Zabala zendutako etxarriarraren arrebak. Izan ere, Zabalaren senideek uste zuten Espainiako Polizia indarrek Bilboko taberna horretatik gertu bahitu zutela. Etxarriarra ETAko beste kide batekin geldituta zegoen La Tortilla tabernan, 1997ko martxoaren 23an, 12:00etan, baina ez zen joan hitzordura. Atzo, baina, lekukotza berri bat jakinarazi zuten ikerketa abiatu dutenek: La Tortillan hitzordua izan eta bi ordura, pertsona batek Zabala ikusi zuen Areatzatik gertu, "presaka eta nerbioso". Lekukotza hori kontuan hartuta, senideek pentsatzen dute hura nola harrapatzen zuten ikusiko zuela bateren batek.

Lekukotza emateko

1997ko martxoaren 23 hartan 10. Korrikaren edizioaren bukaera ospatzen ari ziren Bilbon. Ospakizun horretan parte hartzen ari ziren pertsonei "memoria ariketa bat" egiteko eskatu diete herri ekinaldikoek, eta Zabalaren desagerpenarekin edota heriotzarekin zerikusia zuen zerbait ikusi bazuten, beraiekin harremanetan jartzeko basajaun1997@gmail.com helbide elektronikora idatzita edota 655 83 61 83 telefono zenbakira deituta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide