Batel ligako jardunaldia nahiz traineruen jaitsiera jokatu dituzte eskualdeko taldeek

Maddi Txintxurreta 2026ko otsailaren 22a

Orio B eta Zumaiako beteranoak lehian, Hondarribiko traineruen jaitsieran. (OAE)

Donibane Lohizunen jokatu zuten atzo goizean Gipuzkoako batel ligako zazpigarren jardunaldia, eta Hondarribian, berriz, traineru jaitsiera. Oriotarrek lortu zituzten emaitzarik onenak.

Donibane Lohizunen (Lapurdi) jokatu zuten atzo Gipuzkoako batel ligako zazpigarren jardunaldia. 15:30etik aurrera aritu ziren ontziak lehian, eta eskualdeko taldeek askotariko emaitzak lortu zituzten.

Orioko Arraunketa Elkarteko taldeek lan ona egin zuten, bereziki infantil mailako mutilek: lehenengo sailkatu zen Orio A taldea, eta bigarren Orio B. Maila horretan, sailkapenaren hirugarren postuan helmugaratzea lortu zuten Getariako neskek.

Promesa mutiletan, halaber, garaipena lortu zuen Orio A-k, eta maila horretako Zumaiaren talde mistoak hirugarren egin zuen. Zarauzko taldeen artean, promesa mailako mutilek erdietsi zuten emaitza onena: bosgarren postuan helmugaratzea lortu zuten.

Traineruetan, Orio eta Getaria aurretik

Eskualdeko beteranoek, emakumeek eta gizonezkoek Hondarribian (Gipuzkoa) izan dute asteburu honetako hitzordua: Hondarribiako XXVI. Traineru Jaitsiera. Beteranoetan, Orio A taldeak helmuga lehenengo postuan zeharkatzea lortu zuen, eta hirugarren egin zuen gizonezkoen mailako Getariako traineruak. Emakumezkoen artean, Zarauzko eta Zumaiako taldeak izan ziren eskualdeko ordezkari bakarrak, eta hurrenez hurren, azken-aurrenak eta azkenak izan ziren helmugaratzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide