Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako lehen faseko bi hitzordu izan ziren atzo eskualdean. Urola Kostan eta Urola Erdian aparte ari dira lehen fasea egiten, eta atzokoan lehia bakoitzeko saio bana izan zen Errezilen eta Aizarnazabalen.
Urola Erdiko txapelketa azken txanpan da jada; izan ere, atzo jokatu zuten lehen finalerdia, Errezilgo Borondegi jatetxean, jangela jenez leporaino zela. Urola Kostan, berriz, Aizarnazabalgo Mikel elkartean izan zen kanporaketa atzo, eta horren ondotik, finalerdiak ebazteko kanporaketa bat baino ez da falta; datorren ostiralean izango da Getariko Askizu auzoko elkartean.
Jokin Uranga, Leire Ostolaza eta Beñat Lizaso azpeitiarrek osatutako Zaharrak Berri taldea izan zen atzo nagusi Errezilen. Asier Garate Txibilter, Iñaki Tolosa eta Eneritz Artetxe azkoitiarrek osatutako Astuk Alineaute taldea izan zuten kantulagun eta aurkari. Hamabi puntu lortu zituen Azpeitiko taldeak, eta bederatzi Azkoitikoak, eta horrenbestez, txapelketa utziko dute Astuk Alineaute taldekoek.
Zaharrak Berri, berriz, eskualdeko finalean ariko da, martxoaren 13an, Azpeitiko Charles Chaplin tabernan izango den saioan. Dena den, ikusteko dago hurrengo asteko Aizpurutxoko Itziar jatetxean izango den saioan zein taldek eskuratzen duen finalerako pasea: Azpeitiko Txemaizterrak taldeak ego Zestoako Errailak.
Aizarnazabalen, berriz, hango Joxe Jimenezek Kasta taldea eta Zarauzko Sendabelarrak taldea aritu ziren nor baino nor, txapelketan aurrera egiteko txartela eskuratzeko lehian. Hain zuzen ere, Aizarnazabalgo taldean kantatu zuten Iban Gorriti Beltzak, Markel Eizagirrek eta Aritz Hernandez Larrumek; Zarauzkoa, berriz, Nahikari Gabilondok, Iñigo Mantzizidor Mantxik eta Aimar Sorazuk ordezkatu zuten. Lan guztiak eginda, epaileek erabaki zuten Aizarnazabalgo taldea izan zela nagusi.
Ondorioz, martxoaren 6an Zarauzko Hiruputzu gaztetxean izango den finalerdietako batean kantatuko du talde horrek, eta datorren ostiraleko saioko talde garailea izango du aurrez aurre.