Inoizko urterik onena izan zuen Lurraldebus autobus zerbitzuak iaz Urola Erdian. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako sailak jakinarazi duenez, guztira, 1,9 milioi bidaia erregistratu zituzten 2025ean Urola Erdian; 2024. urtean baino 136.831 bidaia gehiago, %7,7 gehiago, alegia. Ordea, Urola Erdikoa ez da aparteko datua; izan ere, 31,2 milioi bidaia egin zituen iaz Lurraldebusek Gipuzkoan zehar; datu hori ere Gipuzkoan inoiz erregistratu den altuena da; 2024an baino 2,4 milioi gehiago, hain justu.
Azahara Dominguez diputatuak eman ditu datuok, eta Urola Erdiari dagokionean, honako hiru autobus linea hauek egindako bidaiak azpimarratu ditu: 841.432 bidaia egin zituen Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Donostia arteko UK01 zerbitzuak –%10,57 egin du gora–; 463.438 bidaia egin zituen Zumaia, Zestoa, Azpeitia, Azkoitia, Urretxu eta Zumarraga arteko UK06 zerbitzuak –%2,03 egin du gora–; eta 263.087 bidaia egin zituen Zestoa, Azpeitia, Azkoitia, Elgoibar, Eibar eta Ermua arteko UK05 zerbitzuak –%9,15 egin du gora–.
Gainera, diputatuak zehaztu du errefortzuko 2.349 zerbitzua eta 103 zerbitzu berezi eskaini zituztela iaz Urola Erdian. Erabiltzaileen profilari dagokionez, hamarretik sei emakumeak dira (%60,28), eta lau gizonak (%39,72). "Datu horiek erakusten digute pertsonak erdigunean jartzen dituzten eta erabiltzaileen beharrak kontuan hartzen dituzten garraio publikoaren erabilera sustatzeko neurriak hartzen direnean, herritarrek bikain erantzuten dutela", adierazi du Dominguezek.
Iaz, 61 milioi euroko aurrekontua bideratu zuen aldundiak garraio publikora, eta aurten, 68,4 milioi euro eskainiko dizkiote. Dominguezek aurreratu duenez, Urola Erdiaren eta Donostiako ospitale gunearen arteko "lotura hobetzera" bideratuko du erakundeak aurrekontuaren zati bat. "Inoiz ez du horrenbesteko inbertsiorik izan Gipuzkoako garraio publikoak, eta apustu horri esker, helarazten ari zaizkigun premiei aurre egiteko aukera dugu, gainerako erakundeekin, gizarte eragileekin, eta, oro har, herritarrekin lankidetzan arituz".
Urola Kostan ere igoera
Kostaldean ere autobus publikoen erabileran hazkundea izan da, Aldundiak emandako datuen arabera. Zehazki ezin da jakin, ordea, zenbat bidaia egin dituzten Urola Kostako bizilagunek, emandako kopuruetan Urola Kostako eta Debabarrenako datuak batera kontabilizatu dituztelako. Bi eskualdeetan ere Euskotrenek du Lurraldebusen emakida, eta bietakoak batera eman dituzte.
Datu horien arabera, bi eskualdeak kontutan hartuta, 3,6 milioi bidaia egin ziren, eta iazko datuekin alderatuta %3,5eko hazkundea izan da.