Urolako trenaren 100. urtemuga

Trenbide bat, mila bizipen

Anitz Urkizu 2026ko otsailaren 19a

Urolako trenaren inaugurazio eguneko Azpeitiko geltokiko irudi bat. (Kutxa fundazioa)

Igandean, otsailaren 22an, 100 urte beteko dira Urolako trena inauguratu zutenetik. Bidaiarien eta merkantzien garraioan eginkizun garrantzitsua bete zuen tren horrek Urola bailaran.

Igande goiza da, 11:00ak inguru, eta dirudienez, azpeitiarrek ez dute etxean gelditzeko inolako asmorik, ezta herrian bertan gelditzekoa ere. Julian Elortza etorbidean, autobusak herriko azken geldialdia egiten du –Azkoititik Zestoarako norabidean, kontrako noranzkoan herriko lehen geltokia litzateke–, eta Azpeitiaren ertzean kokaturik dagoenez, ez da inolaz ere geltokirik jendetsuena izaten. Gaur, ordea, bestelakoa da irudia, jendetzak ez baitu lur zati hutsik ikusten uzten. Gerturatu ahala, berehala argitu daiteke misterioa: ez dira azpeitiarrak eta ez daude autobusaren zain.

"Misterioa" ongi ulertzeko, mende oso bat egin behar da atzera; 100 urte, hain zuzen ere. 1926ko otsailaren 22a, huraxe izan zen 60 urteko ibilbidearen abiapuntua; alegia, Urolako trena inauguratu zuten eguna. Kontuak ateratzen hasita, sei hamarkada geroago –1986an– isildu zen trenaren hotsa. Baina istorioa ez zen hor gelditu, sei urtera –1992an– Burdinbidearen Euskal Museoa inauguratu baitzuten Azpeitiko tren geltoki zaharrean. Eta horra hor, mundu guztiko bisitariek Julian Elortzako autobus geltokiko espaloi luzea zapaltzearen arrazoia, bi geltokiak –trenarena eta autobusarena– elkarren ondoan baitaude.

Gaur egun museoan trenak martxan ikus daitezkeen arren, ez da oraingoxekoa bagoi horien historia. Denboran atzera eginez, XIX. mendera arte egin behar da jauzia Urolako trenaren lehen urrats ia ikusezinak aurkitu nahi badira; izan ere, 1858an eman zitzaion hasiera Gipuzkoako tren sarea egiteko prozesuari –Juanjo Olaizola (Donostia, 1965) historialari eta Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendariak Urolako trena 1926-1986 liburuan azaltzen duenaren arabera–.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako –nahiz Espainiako Estatuko– tren gehienak ekimen pribatuari esker egin ziren, baina Gipuzkoako tren sarea osatzeko falta zen bailara bakarra Urola zela ikusita eta ekimen pribatuek ezin ziotenez aurrekontuaren kostu handiari aurre egin, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartu zuen Zumarraga eta Zumaia artean Urola bailara josiko zuen trenaren egiletza.

Trenbidea eraiki nahi zuten agintarien helburu nagusia Urola bailarako herrien arteko merkataritza harremanak indartzea zen. Trenbideak, gainera, bidaiarien eta herritarren joan-etorriak erraztuko zituen, eta, azken finean, bailarako industriak, merkataritzak eta biztanleek pairatzen zuten garraiobide faltari irtenbidea emateko modu bat zen.

Azpeitian, 1921eko ekainaren 27an, Urolako trena eraikitzeko lehen harria jarri zuten eguna. (Kutxa fundazioa)

Trenbidea eraikitzeko proiektu ugari aurkeztu ziren, horietako batzuk errealitate bihurtzeko aukera handiekin. Bailarako lur bihurrak, ordea, zailtasun handiak sorrarazten zituen, eta, beraz, aurrekontuak biderkatu egiten ziren; ondorioz, aurkeztutako proiektu guztiak baztertu egin zituzten. Gauzak horrela, trenbidearen eraikuntza behin eta berriro atzeratu zen, 1915ean Manuel Alonso Zabalaren proiektua onartu zuten arte.

Behin aurrekontuak onartuta eta proiektua erabat adostuta, 1921eko ekainaren 27an trenbidearen eraikuntza lanari hasiera emango zion lehen harria jarri zuten. Eraikuntza lanak oso gogorrak izan ziren, batez ere, Urretxutik Azkoitirako tartean –eraiki behar izan zuzten zubi eta tunel kopuru handiagatik–. Dena dela, lanen zailtasuna ikusita eta garai hartako bitarteko urriak kontuan hartuta, trenaren liburuko pasarte batean, Inazio Artetxek (Azpeitia, 1920-2013) "miraritzat" jotzen du Alonsoren eta bere lantaldearen "maisu lana" –Artetxe Azpeitiko mediku gisa ezaguna izan zen, historialaria eta trenaren historia osoa hasieratik bukaerara bizi izan zuena, baita Urolako trena 1926-1986 liburuaren egileetako bat ere–.

Eraikuntza lanen gastua, geltokiak barne hartuta, 25 milioi pezetakoa izan zen (150.250 euro inguru), garai hartarako diru kopuru izugarria, aurreikusitako aurrekontuaren hirukoitza. "Hala ere, merezi izan zuen, bailarako eta bereziki Azpeitiko eta Azkoitiko komunikazio arazoak konpondu zituelako. Azkenean, milaka gipuzkoarren ametsa egia bihurtu zen", aitortzen du Artetxek Urolako trena 1926-1986 liburuan.

Aitormen gehiago ere egiten ditu tinta beltzeko idazkiz beteriko kapituluetan; tartean, inaugurazio aurreko eguna ekartzen du gogora: "Eraikuntza lanak bukaezinak izan ziren azpeitiarrontzat, dagoeneko denok tren berria izateko ezinegonean baikeunden". Inaugurazioaren bezperan, 1926ko otsailaren 21ean, Azpeitiko geltokia eta inguruak jendez beteta zeudela azaltzen du, hurrengo eguneko ekitaldiak prestatzen ari zirenen eta gertatzen ari zena ikustera gerturatu ziren ikusnahien artean. "Ilundu eta gero ere, inork ez zuen nahi handik mugitzerik, beldur ziren. Esnatutakoan guztia desagertuko ote zenaren beldur, hain zuzen", adierazten du Artetxek egun horri eskaini zizkion orrialdeetako azken lerroetan.

Egun handia

Azkenean iritsi zen urolatarrek gogo handiz luzaroan esperotako eguna; Urolako trenbidea inauguratu zuten eguna, 1926ko otsailaren 22a. Ikusmira ez zen izan soilik Urola bailarako herritarrena, tokiko eta probintziako ordezkari ugari gerturatu baitziren; baita Espainiako agintari gorenen zerrenda luzea ere, Alfonso XIII.a erregea eta Maria Cristina erregina barne.

Trenaren inaugurazio ekitaldia, Urretxuko (Gipuzkoa) geltokian. (Kutxa fundazioa)

Eguna argitu aurretik, dagoeneko eguraldi goxoa nabari zitekeen garaiko egunkarien hitzetan; egun ederra espero zela, eta izan ere halakoxea izan zela. Urolako trenaren lehen bidaia hark Zumarragan izan zuen hasiera, eta ez nolanahikoa. Banderak, pankartak, musika bandak, txistulariak, ezpata dantzariak... lagun izan zituen trenak bere lehendabiziko arnasean.

08:05 inguruan heldu ziren Zumarragara Alfonso XIII.a erregea, Maria Cristina erregina, eta Primo de Rivera Espainiako Gobernuko lehendakaria, besteak beste. Erregeak eta haren laguntzaileek txalo eta goraipamen zaparrada jaso zuten ongietorri moduan. Musika bandek, dantzariek, kanpaiek, suziriek eta txupinazoek bete zituzten Zumarragako geltoki inguruak.

Ezertan hasi baino lehen, garaiak eskatzen zuen moduan, trena bedeinkatu zuen aita Zacarias Martinez gotzaiak, Zumarragako apaizek lagunduta. Gotzaiak hitz batzuk ere eskaini zituen; trena guztientzat aberastasun eta aurrerapen iturri izatea espero zuela adieraziz, besteak beste. 

Behin bedeinkapenak eta hizketaldiak amaituta, agintariak eta gainontzeko gonbidatuak trenean sartu eta Urretxurantz abiatu ziren, Urolako trenaren lehendabiziko bidaian. Urretxu igarota, Aizpurutxotik pasatu, Azkoitira heldu, Loiola zeharkatu eta Azpeitiko geltokia izan zuen geraleku errail gaineko konboiak. Azpeitian ere –gainerako geltokietan bezala– ongietorri berezia izan zuen etorrera hark; jendea gainezka, musika bandak, makildantzariak, ezpatadantzariak, txaloak, oihuak...

Azpeitiko geltokia geltoki nagusitzat hartua izan zen, besteak beste, trena elikatzen zuen argindar zentrala bertan aurkitzen zelako. Zentralaren fatxadan, marmolezko eta urrezko oroimen plaka bat jarri zuten, erregeak hura estaltzen zuen gortinatxoa behin kenduta ikus zitekeena. Azpeitiko ekitaldiaren ondoren, berriro trenera igo eta ibilbideari jarraitu zioten; Lasao, Zestoa, Iraeta, Arroa eta, azkenik, Zumaiara iritsiz, linearen amaierara.

Instituzioetako hainbat ordezkari bertaratu ziren inaugurazio ekitaldira. (Kutxa fundazioa)

Hurrengo egunean, 1926ko otsailaren 23an, inaugurazioaren azken oihartzunak itzalita, ohiko funtzionamenduari ekin zion trenak. Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko apustua errentagarria ote zen ikusteko unea heldu zen. Tren berriaren etorrerak mesede handia egin zien Urola bailarako industriei euren produktu manufakturatuak kanpora bidaltzeko aukera zabalduz. Hala ere, ez ziren bete industria berrien sorreraren itxaropenak.

Espainiako Estatuko nahiz handik kanpoko krisi ekonomiko larrien ondorioak ere jasan behar izan zituen tren koitaduak; esaterako, New Yorkeko burtsaren 1929ko otsaileko "astearte beltza" deiturikoarenak. Trena martxan jartzearekin batera hasi zen jada galera ekonomikoak izaten, urteen poderioz handitzen joango zirenak.

Bidaiarien kopurua asko aldatzen zen urte sasoiaren arabera; esaterako, udan kopurua hirukoiztu egiten zen. Trena erabili zuen edonori galdetuta, erantzuna gehienetan berdina da: hondartzara eta festetara joateko erabiltzen zuten, edota jaiegunak aprobetxatzeko. Jose Mari Bastida (Azpeitia, 1942) Azpeitiko alkate ohia hemezortzi urtez egon zen karguan, tartean Urolako trena itxi zutenean, eta hark ere aitormen bera egin du: "Jende askok hondartzara joateko erabiltzen zuen, nik neuk ere bai, edo inguruko herrietako festetara joateko". Juanjo Olaizola Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendariak ere argi du hori: "Horrexegatik du jendeak horrelako oroitzapen ona, batik bat hondartzarako eta udako planetarako erabiltzen zuelako trena".

1936ko gerrak ere utzi zuen bere arrastoa hainbeste ilusioz eraikitako tren zaharrean. Trena jasaten ari zen defizitari aurre egin nahian, gastu orokorrak eta langileria gutxitzea erabaki zuen zuzendaritzak. Hala, 166 langile izatetik 92 izatera pasatu ziren 1937an. Neurri horiek, ordea, ez ziren nahikoa izan defizitari aurre egin eta ekonomia hobetzeko. Gainera, Espainiako Estatuak ere ez zuen agindutakoa bete: urtean interesaren %5 ordaintzea. "Ez zuen inoiz koordinazio onik izan; inbertsio egokiak egin balira, agian etorkizuna izango zukeen", dio Olaizolak.

Zumarragatik Zumaiarako bidea egiten zuen trenak. Argazkian, Zumaiako geltokia. (Kutxa fundazioa)

36ko gerrak iraun zuen hiru urteetan bidaiarien batez bestekoa erdira jaitsi zen. Guda amaitu arte itxaron beharko zuen trenak, beraz, bidaiarien ohiko kopurua berreskuratzeko. Gerraostean, Espainiako ekonomia erabat suntsituta gelditu zen, eta oinarrizko lehengaien falta nabaria zen. Lehengai eskasiaren artean kokatu zen gasolinarena ere, errepideko garraioa ia desagertzeraino. Horrek trenaren gorakada ekarri zuen, baina trenak ez zuen sortu berria zen eskariari aurre egiteko gaitasunik, treneko materialen egoera kaskarra medio.

Oztopoak oztopo, Urolako trenak aurrera egin zuen orduan ere. 40ko hamarkadan galerak nagusitu ziren, baina irabaziak ere ezagutu zituen hainbat urtetan. Gerraostean, esportazioa zen nagusi eta Urolako trenak paper txukuna bete zuen hain funtsezkoa zen merkantzien garraioan. Bidaiarien kopuruak ere aurreko urteetako batez bestekoa nabarmen gainditu zuen.

Erreportaje honen bigarren atala bihar, ostirala, irakurgai izango da Guka egunkarian zein webguneetan.
Urolako trenaren itxiera jorratuko du Gukak biharkoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide