Trenaren mendeurrenean, maratoi erdia

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 21a

Bidegorria da egun Urolako trenaren garai bateko trenbidea. Irudian, Azkoitiko Aizpurutxo ingurua. (Andoni Elduaien)

Bihar beteko ditu 100 urte Urolako trenak, eta egun hori aitzakia hartuta, trenaren izen bera daraman maratoi erdia jokatuko dute Zumarraga, Urretxu, Azkoitia eta Azpeitia artean. 11:00etan hasiko da proba Zumarragan, eta Azpeitian egingo dituzte sari banaketa eta bazkaria. Arratsaldean, musika emanaldiak izango dira hango plazan.

Urolako trenak 100 urte beteko ditu bihar, otsailak 22, eta mendeurrenaren egunean bertan jokatuko dute Urolako Trena maratoi erdia. 11:00etan, Zumarragako tren geltoki zaharraren parean hasiko dute lasterketa proban izena eman duten 800 korrikalari inguruk, eta Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoaren atarian amaituko dute ibilbidea. Aurrez, Urretxu eta Azkoitia ere zeharkatu beharko dituzte parte hartzaileek. 

Euskal Herriko kirol egutegian "hitzordu berezi" bihur dadin jarri dute martxan proba; izan ere, Urolako trenak egiten zuen ibilbidearen gainean egin beharko dute korrika bihar parte hartzaileek, egungo bidegorritik, hain zuzen. Korrikalariek maldan behera egin beharko dute lasterketa ia guztia, eta hori hala, lasterketa bizia izango da biharkoa. Zumarragako irteera lerroa 356 metroko altueran egongo da, eta Azpeitiko helmuga, 80 metroan. 28 metrokoa da desnibel positiboan metatutako igoera, eta 310 metrokoa desnibel negatiboan metatutako jaitsiera. Hain justu, arrazoi horregatik Urolako Trena maratoia ez da homologatutako proba bat izango. 

Urolako Trenak zituen geltoki guztien paretik igaro beharko dute korrikalariek, eta horietako zenbaitetan jarriko dituzte anoa postuak: lehen anoa gunea Aginagakoan jarriko dute –probaren 4,9. kilometroan–; bigarren anoa gunea Aizpurutxokoan aurkituko dute korrikalariek –probaren 9,9. kilometroan–; hirugarrena, Azkoitikoan –probaren 15,9. kilometroan–; eta azkena, Loiolakoan –probaren 19. kilometroan–.

Lasterketa maratoia izateko helburuarekin jaio bada ere, maratoi erdia jokatuko dute aurten, Urolako Bide Berdea bere osotasunean lotzeko lanak guztiz egin gabe daude-eta oraindik. Ordea, maratoiaren distantzia ofiziala izango du probak datorren urtean. Hori hala, Urolako trenbide zaharraren bidea bere osotasunean egingo dute korrikalariek 2027an, Zumarragatik Zumaiara, hain zuzen. 

Trafikoan ere eragingo ditu aldaketak probak, bereziki, Azpeitian. 09:00etatik 14:00etara bitartean, Urola eta Julian Elortza kaleetako autobus geltokiak bertan behera geldituko dira. Hori hala, saihesbidera lekualdatuko dute zerbitzuaren geralekua bost ordu horietan, Euskal Burdinbidearen Museorako oinezkoen zubiaren aurrera, hain zuzen. Era berean, Foru Ibilbidean ezingo da aparkatu gaur 16:00etatik aurrera. 

Dortsalak, gaur eta bihar

Antolatzaileek gaur eta bihar artean banatuko dituzte lasterkarientzako dortsalak. Gaur, zapatua, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara bitartean egongo dira probaren sustatzaileak parte hartzaileentzako zenbakiak banatzen, Zumarragako Azokan. Bihar, berriz, 09:00etatik 10:00etara izango da horretarako aukera.

Proban izena eman duten kide guztiek lasterkariarentzako poltsa bat jasoko dute trukean. Poltsa horretan dortsala, lasterketari buruzko dokumentazioa eta elastiko ofiziala jasoko dituzte, besteak beste. Poltsa jasotzeko, baina, NA originala edota NAren argazkia erakutsi beharko dira.

Gaur, lasterketa solidarioa

Gaur arratsaldean, 17:00etan hasita, lasterketa solidarioa egingo dute Zumarraga eta Urretxu artean. Zumarragako tren geltoki zaharrean hasi eta amaituko den kilometro bateko proba izango da hori. Hitzorduari ekin baino ordubete lehenago zabalduko dute lasterketa horretarako izen ematea irteera gunean. Ibilbidea egin nahi dutenek doan eman ahal izango dute izena.

2016 eta 2017 urteetan jaiotako benjamin mailakoen lasterketa egingo dute aurrena (17:00); 2014 eta 2015 urteetan jaiotako kimuen mailakoena, ondoren (17:10); 2012 eta 2013 urteetan jaiotako haurrena, segidan (17:20): eta familiena edota helduena, azkenik (17:30). 

Bide batez, Kenyarako arropa bilketa egiteko baliatuko dute lasterketa solidarioa. Parte hartzaileek korrikarako arropa eta materiala doan eman ahal izango dute orduan. Besteak beste, kamiseta teknikoak, praka motzak, galtzerdiak eta zapatilak jaso nahi dituzte Otso Kenya taldekoek, izan umeenak edo helduenak. 

Bi eguneko egitaraua

Lasterketa berezia izan nahi du Urolako Trena maratoiak, baina probaren bueltan ere hainbat ekintza antolatu dituzte. Gaur, Zumarragan izango dira ekintza denak, eta bihar, Azpeitian. Azpeitiari dagokionean, herriko plazan egingo dute sari banaketa ekitaldia (14:00) eta korrikalarien zein boluntarioen arteko bazkaria (14:30). Era berean, arratsaldean Skapaie elektrotxarangak eta Maikiño DJak girotuko dute herriko plaza.

Hona hemen gaurko eta biharko egitaraua: 

Gaur, zapatua:

  • 09:00-14:00 eta 16:00-21:00. Dortsalen banaketa, Zumarragako Azokan.
  • 11:00. Shake Out Run Areizaga Kalebarren plazan, Otso Kenya taldekoekin batera.
  • 17:00. Lasterketa solidarioa. 
  • 18:00. Imuntzo eta Beloki trikitilarien erromeria, Zumarragako plazan. 
  • 19:00. Lasterketaren aurkezpena, Zumarragako plazan. 
  • 20:00. Muxutruk taldearekin erromeria, Zumarragako plazan.

Bihar, igandea: 

  • 09:00-10:00. Dortsalen banaketa, Zumarragako Azokan.
  • 11:00. Urolako Trena maratoiaren hasiera, Zumarragako tren geltokiaren parean. 
  • 14:00. Sari banaketa ekitaldia, Azpeitiko plazan.
  • 14:30. Korrikalarien eta boluntarioen bazkaria, Azpeitiko Azoka Plazan; aurrez txartela hartu beharko da. 
  • 15:30. Skapaie elektrotxaranga, Azpeitiko plazan. 
  • 17:00-19:00. Maikiño DJa, Azpeitiko plazan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide