Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako beste bi hitzordu, bihar

Julene Frantzesena 2026ko otsailaren 19a

Bertsolari batzuk Herriarteko Txapelketako Zestoako saioan kantuan. (Utzitakoa)

Urola Erdiko txapelketako hitzordua Errezilen izango da, eta Azkoitiko Astuk Alineaute eta Azpeitiko Zaharrak Berri taldeak ariko dira finalerako txartelaren bila Borondegi jatetxean. Urola Kostako kanporaketa saioa, berriz, Aizarnazabalgo Mikel elkartean egingo dute; Etxeko Joxe Jimenezen Kasta eta Zarauzko Sendabelarrak taldeak ariko dira nor baino nor.

Bertsozaleek Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako bi hitzordu izango dituzte bihar. Eskualdean bi multzotan banatuta ari dira lehen fasea jokatzen, eta beraz, saio bana izango dira Aizarnazabalen eta Errezilen.

Urola Erdiko txapelketako hitzordua izango da Errezilgoa. Kanporaketak igarota, 20:30ean hasita, finalerako txartelaren bila ariko dira Azkoitiko Astuk Alineaute eta Azpeitiko Zaharrak Berri taldeak. Borondegi jatetxean izango da hitzordua, eta dagoeneko agortu dira bertso afari horretarako txartelak.

Urola Kostako lehia, berriz, kanporaketa fasean da oraindik ere, eta biharko saioa hirugarrena izango da. Aizarnazabalen hartuko dute bertsolariek aterpe, Mikel elkartean, hain zuzen ere. Etxeko Joxe Jimenezen Kasta eta Zarauzko Sendabelarrak taldeak ariko dira kantuan, hurrengo faserako txartela eskuratzeko deman.

Hurrengo hitzorduak

Datorren astean saio erabakigarriak jokatuko dituzte eskualdean. Izan ere, Urola Erdiko txapelketako finala erabakiko da ostiralean Aizpurutxon izango den bertso afarian. Zestoako saioa irabazi zuen Erralla taldeko eta Azpeitiko saioan bigarren egin zuten Txemaizterrak taldeko bertsolariak ariko dira kantuan. Finala, berriz, Azpeitiko Charles Chaplin tabernan izango da martxoaren 13an.

Urola Kostako hitzordua, berriz, Getariako Askizu auzoko elkartean egingo dute, bertso afari formatuan. Saio horretako irabazlea ere finalerdietara igaroko da, aste honetako irabazlearekin eta aurreko bi asteetako garaileekin batera. Finalerdiak martxoaren 6an jokatuko dituzte, Zarauzko Hiruputzu gaztetxean, eta hitzordu horretan gailentzen diren bi taldeek jokatuko dute finala; martxoaren 14an izango da, Orion.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide