Datorren igandean, hilak 22, jokatuko dute Zumarraga (Gipuzkoa) eta Azpeitia artean aurreneko aldiz Urolako Trena maratoi erdia. Proba 11:00etan hasiko da Zumarragan, eta Urolako Trenak egin ohi zuen ibilbidea eginez, Urolako Bide Berdean zehar, Azpeitiko Trenbidearen Euskal Museoan amaituko da.
Antolatzaileek boluntarioei dei egin diete. Zapatuan, prestaketa lanetan, edota igandean, lasterketa egunean, laguntzeko prest dauden herritarrei zuzenduta, honako galdetegi hau zabaldu dute. Besteak beste, izen-abizenak, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta laguntza zein egunetan eskaintzeko prest dagoen zehaztu beharko da formulario horretan. Laguntza eskertzeko, antolatzaileek xira eta lepokoa oparituko dizkiete boluntarioei.
Lasterketarako izen ematea itxita dago dagoeneko. Probaren lehen aldirako 800 korrikalari baino gehiagok eman dute izena, tartean "punta-puntako korrikalariak". Lasterketa azkarra izango da; izan ere, korrikalariek maldan behera egin beharko dute lasterka, ibilbideak desnibel negatiboa baitu. Igandeko eguna, gainera, berezia izango da; izan ere, Urolako trena inauguratu zela 100 urteko beteko dira otsailaren 22an.