Urola Erdian urtarrilaren 23an ekin zioten Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren lehen faseari, eta Urola Kostan, atzo. Aurreneko fasea eskualdeka jokatzen ari dira, baina Urola Erdian eta Urola Kostan aparte egingo dituzte sailkapen saioak. Hori horrela, kostaldean hasi besterik egin ez direnean, barrualdean finalaurrekoei begira jarri dira dagoeneko, jokatu baitituzte final laurdenetako saio guztiak. Atzo jokatu zuten hirugarrena eta azkena, Azpeitiko Korrale tabernan.
Azpeitiko, Azkoitiko, Errezilgo zein Zestoako zazpi talderekin hasi zuten lehia, eta horietatik hiru bidean gelditu dira: Jokin biyokin (Azkoitia), Igerilari Artifizialak (Azpeitia) eta Eguterakuk (Azkoitia-Errezil). Aurrera egitea lortu duten laurek karnabalen ostean jokatuko dituzte finalaurrekoak. Otsailaren 20an Astuk Alineaute (Azkoitia) eta Zaharrak Berri (Azpeitia) taldeak ariko dira nor baino nor Errezilgo Borondegi jatetxean; eta otsailaren 27an, Erralla (Zestoa) eta Txemaizterrak (Azpeitia), Aizpurutxoko Itziar jatetxean.
Bi saio horietako talde irabazleak martxoaren 13ko finalera sailkatuko dira. Finala Azpeitiko Charles Chaplin tabernan jokatuko dute, 22:00etan, eta garailea hurrengo fasera igaroko da. Hain zuzen ere, Aste Santuaren aurretik bukatuko dituzte eskualdekako lehen faseak, eta gero ekingo diote bigarren faseari, hau da, Gipuzkoa mailakoari.
Kostan, hasi besterik ez
Urola Kostako lehen faseko lehen saioa atzo, ostirala, jokatu zuten Andatzako Uhartemuño elkartean. Barrualdean baino talde bat gehiagorekin, alegia zortzi talderekin, hasi zuten kostaldeko lehia atzo. Orioko Errikotxia eta Zarauzko Allepunta taldeak aritu ziren kantari Andatzako elkartean, 60 bat lagunen aurrean, eta epaimahaiaren erabakiz, Allepunta izan zen saioaren irabazlea. Horrenbestez, Errikotxia da txapelketako lehen kanporatua.

Bigarren saioa hilaren 13an Zumaian egingo dute, San Migel elkartean, eta Zumaia (Zumaia) eta Andraseñorak (Zarautz) taldeak ariko dira aurrez aurre. Hirugarrena otsailaren 20an izango da, Aizarnazabalgo Mikel elkartean, eta Joxe Jimenezen Kasta (Aizarnazabal) eta Sendabelarrak (Zarautz) taldeak jardungo dira elkarren kontra. Laugarren eta azken saioa, berriz, Getariako Askizu auzoko elkartean egingo dute, Arrai Nahastua (Getaria) eta Zarauzko Gazte-jendia (Zarautz) taldeak kantari direla.
Hiru jardunaldi horien ostean, martxoaren 6an jokatuko dituzte finalaurrekoak Zarauzko Hiruputzu gaztetxean. Finala, berriz, martxoaren 14an izango da Orion, Bertso Egunean. Bertso poteoa, bazkaria eta finala egingo dituzte; bazkaria eta finala Etxeluze gaztetxean.