Bailarako gazteek bat egingo dute bihar Azkoitian, topaketetan

Ane Olaizola 2026ko otsailaren 6a

Iazko Urola Erdiko topaketak, Zestoan. (Aitziber Arzallus)

Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako gazte asanbladek topaketak prestatu dituzte biharko. Aurten Azkoitian elkartuko dira, beren "esperientziak eta borrokak" elkarrekin partekatzeko.

Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako gazte asanbladek Urola Erdiko topaketak prestatu dituzte biharko. Aurten Azkoitian elkartuko dira gazteak, eta egun osoan askotariko ekintzak izango dituzte egunarekin bat egiten dutenek. Beste urte batez, batez ere festa giroko ekintzak hausnarketarako zein aldarrikapenerako tarteekin uztartuko dituzte.

Azkoitiko Gazte Asanbladak azaldu duenez, bailarako gazte asanbladen topaketak antolatzearen helburua da "antolakuntza propioa" duten espazioen arteko "koordinazioa sakontzea eta eraginkorrago bihurtzea". Izan ere, azpimarratu dute azken urteetan herriz herri metatzen joan diren "esperientziek, borrokek eta praktikek" agerian utzi dutela elkarrekin "pentsatzeko, eztabaidatzeko eta antolatzeko" beharra "gero eta biziagoa" dela. Hain zuzen ere, topaketak "behar erreal horri" erantzuteko tresna direla uste dute asanbladek, haien zein gaztetxeen eguneroko jardunean "baliagarriak izango diren gaitasunak" sendotzeko balio dutenak.

Tokian tokira egokituta

Egitasmoa txandaka ospatzen dute Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan, modu horrek aukera ematen duelakoan herri bakoitzaren "testuingurua, indarguneak eta erronkak" ezagutzeko. Aurten, beraz, Azkoitian gauzatuko dituzte topaketak, eta antolatzaileek adierazi dute egitaraua prestatzerakoan saiatu direla formatu desberdinak uztartzen: batetik, hausnarketa politikorako eta eztabaidarako espazioak sortuz, hitzaldia eskainiko dute goizean; bestetik, gazteek beraien artean "harremanak estutzeko, elkar ezagutzeko eta elkarlana gorpuzteko" saio informalagoak gauzatuko dituzte, hala nola bazkaria, poteoa, bakarrizketa, pilota ikuskizuna eta kontzertuak.

Egitaraua zabaltzeko, Zergatik gaztetxe bat? galderari tiraka arituko dira solasean Kontzejupean, eta asanblada bakoitzak bere errealitatearen berri emango du. AGAk "aberasgarria" deritzo ondoko herrietako gazteekin esperientziak partekatzeari, bi herri horietan gaztetxea "errealitate sendoa" delako eta horrek agerian uzten duelako halako espazio autogestionatu batek gazte mugimenduari ematen dion "egonkortasuna" eta mugimendu horretan duen "eragin soziala". Hain zuzen, AGAren azken urteetako aldarri nagusia izan da gaztetxe bat eskuratzearena, bere egitekoa aurrera eramateko funtsezkoa baiteritzo halako gune bat izatea. "Gaur egun gaztetxerik ez izateak hutsune nabarmena sortzen du gure eguneroko jardunean. Izan ere, gaztetxea ez da soilik lau hormaren arteko espazio fisiko bat, baizik eta gazteon antolakuntzarako, sormen kolektiborako, borroka politikorako eta harreman sareak ehuntzeko ezinbesteko azpiegitura da. Horren faltan, jarduna sakabanatuagoa eta ahulagoa izatera eta baldintza prekarioagoetan garatzera behartuta gaude; gaztetxe bat behar dugu, gure ahots propioa eraikitzeko, eta erakundeetatik kanpo, askatasunez, gure proiektuak garatzeko aukera ematen duelako".

Hitzaldiaren ondoren, besteak beste, bazkaria egingo dute Ikurrinaren Plazan. Mahaiaren bueltan "jende ugari" batzea aurreikusten dute, eta oraindik izena eman daiteke, 12 eurotan, Interneteko formulario batean. Bazkalostean, bakarrizketak, pilota saioak eta musika izango dira.

Egitaraua

Bihar, larunbata

  • 11:30. Zergatik gaztetxe bat? hitzaldia, Kontzejupean.
  • 13:00. Karropoteoa.
  • 14:30. Bazkaria, Ikurrinaren Plazan.
  • 16:00. Umore bakarrizketa, Asier K-ren eskutik, Kontzejupean.
  • 17:00. Pilota ikuskizuna, Goiko Losan.
  • 19:00. Eraldatzen, Derrunbe eta Min taldeen kontzertuak, Kontzejupean.
  • 23:00. Disko jartzaileen saioak, Hika tabernan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide