Janari bilketak egingo dituzte asteburuan Saharautzek eta Darahlik

Mireia Galarza Bastida 2026ko otsailaren 5a

2024an Saharautzek egindako janari bilketa. (Saharautz)

Zarautzen bihar eta etzi egingo dute Saharara bidaltzeko janari bilketa, herriko hainbat supermerkatutan. Zumaian, aldiz, bihar bakarrik egingo dute. Bi taldeek azaldu dutenez, pasta, arroza, dilistak, atun latak, azukrea, iraungi gabeko sendagaiak eta konpresak jasoko dituzte. 

Urtero bezala, Saharautz eta Darahli elkarteek janari bilketa egingo dute asteburuan Zumaiako eta Zarauzko hainbat lekutan. Zarauzkoan hainbat bilketa puntu jarriko dituzte bihar eta etzi, hain zuzen ere, Euromar eta Foruen Plazako BM supermerkatuetan; Araba kaleko eta Santa Marinako Eroskin, eta Azken Portuko Aliproxen. Ostiralean 17:00etatik 20:00etara egingo dute bilketa, eta larunbatean 9:30etik 13:00etara. Saharautzeko kideek azaldu dutenez, pasta, arroza, dilistak, atun latak, azukrea eta konpresak jasoko dituzte. 

Zumaiakoari dagokionez, zapatuan bakarrik ariko dira Darahliko boluntarioak elikagaiak eta bestelako produktuak jasotzen Zumaiako Eroski eta BM supermerkatuetan. Zarautzen bezala, atun eta sardina latak, azukrea, konpresak, lekaleak, pasta, dilistak, arroza eta iraungi gabeko sendagaiak jasoko dituzte. Datorren astean, berriz, otsailaren 9tik 13ra bitartean, Zumaiako, Oikiako, Arroabeko eta Aizarnazabalgo ikastetxeetan egingo dute bilketa. 

Material hori guztia Euskal Karabanaren bidez eramango dute Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara. Kostu horri aurre egiteko, diru bilketa egingo du Darahlik. Diru sarrerak ES05 3035 0037 4103 7005 0791 (Laboral Kutxa) edo ES08 2095 5174 9091 1793 1051 (Kutxabank) kontu korronteetan egin beharko dira. Bizum bidez laguntzeko aukera ere izango da, dirua 605 70 14 63 telefono zenbakira bidalita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide