Esne berriketan (Elkar, 2025) liburuaren egilea da Uxue Alberdi. 57 andrazkoren 77 kontakizun labur bildu ditu bere azken lanean, eta istorio horietako zazpi aukeratu ditu larunbateko Zestoako bertso saio literarioan interpretatzeko. Irakurketa, musika eta bertsoa uztartuko dituzte han. Doako saioa izango da, eta herritar orok izango du bertaratzeko aukera.
Irakurketa, musika eta bertsoa. Nola uztartuko dituzue hirurak?
Esne berriketan liburua hainbat kontakizun laburrek osatzen dute, Euskal Herriko herri ezberdinetako 57 kontalariren 77 istoriok, alegia. Nik kontaketa horietatik zazpi hautatu ditut Zestoako saiorako. Aurrena istorioa irakurriko dut, Iban Urizar Amorante-k musikatu egingo du hori, eta, ondoren, kontakizunarekin zerikusia duen gai bat jarriko diet bertsolariei eta horiek bertsotan arituko dira. Batzuetan istorioko protagonisten roletatik aritzea tokatuko zaie Onintza Enbeitari eta Nerea Ibarzabali; bestetan, kontakizun horretako gaiari jarraituz inprobisatu beharko dute. Kontaketa bakoitzarekin egingo dugu gisa horretan, zatika.
Beste libururen batekin ere eskaini al duzu halako saiorik?
Bertso saio literarioekin duela urte batzuk hasi ginen, Dendaostekoak liburua (Susa, 2020) argitaratu nuenean. Esne berriketan lana ere horretarako berezia iruditu zitzaidan, kontakizun guztiak direlako ahoz kontatuak eta nik belarriz jasoak. Liburuko kontakizun gehienak entzuteko istorio aproposak dira, laburrak ere badirelako.
Esne berriketan-ekin hamar bat saio egin genituen udazkenean, tartean Orion eta Zumaian, eta otsailean nahiz martxoan ere saio mordoxka bat ditugu hitzartuta.
Liburuan emakumeen kontakizunak bildu dituzu eta Zestoako saioan ere bi emakume arituko dira bertsotan. Kasualitatea al da?
Ez da kasualitatea, ez. Enbeitarekin eta Ibarzabalekin ariko naiz oraingoan, baina bertsolari ezberdinak egoten dira saio bakoitzean, denak emakumeak. Liburuaren helburuetako bat izan da emakumeak kontalari jartzea eta emakumeak protagonista dituzten era guztietako istorioak biltzea, beraz, bertsotan ere bertso munduko hainbat emakume jarri ditugu. Saio bakoitza ezberdina izaten da, bertsolariak aldatu egiten direlako eta kontakizunak ere bai.
Zer dira esne berriketak?
Aspaldi ikasi nuen esaera bat da, gure eskualdean emakume bati entzuna. Ganora handirik gabeko jarduna deskribatzeko erabiltzen da, normalean emakumeei buruzkoa. Askotan emakumeon hizketari ez zaio garrantzirik eman eta guk belarria jarri nahi izan dugu, hain zuzen ere, ustez ezer garrantzitsurik esateko ez daukan horretan.
Zaila egin al zitzaizun kontakizun horiek biltzea? Eta ondoren horiek azaltzea?
Niretzat gozamen hutsa izan da. Bi urteko lana, bai, baina inolaz ere ez zaila, asko bete eta poztu nauen ariketa izan delako. Atsegin dut besteen kontuak entzutea, eta herriz herri ibili naiz kontakizun horien bila. Kontalariekin meriendatu bitartean hizketan jasotako istorioak dira liburuan bildu ditudanak.
Gehienbat lehenagoko kontuak jaso dituzu, ala oraingorik ere bada?
Gaur egun bizirik dauden pertsonek gogoratzen dituzten kontuak dira, batzuk urrunagokoak, beste batzuk gertuagokoak, baina gure memorian zerbaitengatik geratu direnak. Asko XX. mendekoak dira; batzuentzat aspaldiko kontuak, baina historikoki, atzokoak.
Bereziki harritu zaituen istoriorik idatzi al duzu?
Istorio gogor asko daude, eta horregatik bildu ditut liburuan. Zerbaitengatik arreta eman didaten kontakizunak jaso ditut, izan gogorrak direlako, zerbait errebelatzen dutelako, niretzat ordura arte ilun zegoen zerbait argitzen dutelako, edo izugarrizko grazia egiten didatelako. Azkenean giza kondizioaz zerbait esaten diguna da literatura. Denok dakiguna denok dakigun bezala kontatzeko ez du merezi papera gastatzerik; horregatik zerbaitengatik gogoan hartzea merezi dutela uste dudan istorioak daude liburuan.
Zerk eraman zintuen halako kontakizunetan oinarritutako liburu bat idaztera?
Urteak daramatzat ahozkotasuna idatzira nola eraman pentsatzen eta lantzen. Belarriko kilkerra (Elkar, 2023) liburua idatzi nuenean konturatu nintzen istorio asko gizonek gizonei buruz kontatuak direla, eta oraingoan emakumeak protagonista dituzten kontuak emakumeen ahotik jaso eta horiekin istorio gama zabala osatu nahi izan dut. Prozesu ederra eta garrantzitsua izan da niretzat.