Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako hirugarren eta azken kanporaketa saioa izango da bihar, ostirala, Azpeitiko Korrale tabernan, 22:00etan hasita. Hiru talde eta bederatzi bertsolari ariko dira nor finalerdietarako txartela eskuratzeko lehian: Azkoitia-Errezilgo Eguterakuk taldeko Naia Arrizabalaga, Julene Iturbe eta Haritz Garmendia; Azpeitiko Txemaizterrak taldeko Jon Gurrutxaga, Suhar Gesalaga eta Oihana Labiano; eta Azpeitiko Zaharrak Berri taldeko Leire Ostolaza, Jokin Uranga eta Haritz Etxeberria Ministro.
Urola Erdian zazpi talde ari dira parte hartzen Herriarteko lehiaren lehen fasean, eta fase horretatik lau talde sailkatuko dira finalerdietara. Finalerdietan aurrena otsailaren 20an, ostiralez, Errezilgo Borondegi jatetxean jokatuko dute, eta Azkoitiko saioa irabazi zuen Astuk Alineaute taldea eta biharko saioko irabazlea ariko dira nor baino nor. Bigarren finalerdia, berriz, otsailarek 27an izango da, Aizpurutxoko Itziar jatetxean; Zestoako saioa irabazi zuen Erraila taldea eta bihar bigarren egiten duen taldea ariko dira kantuan.
Bi saio horietako talde irabazleak martxoaren 13ko finalera sailkatuko dira. Azpeitiko Charles Chaplin tabernan jokatuko dute, 22:00etan, eta garailea hurrengo fasera igaroko da.