Gaitzekin bizitzeko erronka

Aitziber Arzallus 2026ko otsailaren 2a

Hegazti gripea, txerrien izurria, behien turberkulosia, dermatosi nodular kutsakorra, gaixotasun hemorrogiko epizootikoa, mingain urdina... Bukaerarik ez duen zerrenda da animalien gaixotasunena. Geroz eta kontrol eta babes neurri gehiago eta hobeak dauden arren, lehendik ezagunak diren gaixotasunek agerraldi berriak izango dituzte, eta, gainera, gaixotasun berriak ere sortuko dira. Horiekin bizitzen ikastea beste erremediorik ez da izango, beraz, baina gakoa izango da hori abeltzaintzaren etorkizuna eta herritarren osasuna arriskuan jarri gabe egitea. Urtarrileko Gukaren tokiko aldizkarietan argitaratutako erreportajea da honakoa, Aitziber Arzallus kazetariak idatzia. 

Animalien gaixotasunei buruzko lerroburuek geroz eta sarriago dute lekua albistegietan. Hegazti gripea, txerri izurria, gaixotasun hemorragiko epizootikoa, tuberkulosia... Ezagunak batzuk, eta berriak besteak, gaixotasunen zerrenda geroz eta luzeagoa da. Animaliek gizakiak kutsa ote ditzaketen, zer bidetatik kutsatzen diren, kutsatutako abereen haragia edota arrautzak jateak ondoriorik ba ote duen, zer prebentzio neurri har daitezkeen, txertorik eta sendagairik ba ote dagoen... Asko dira galderak, eta aurtengo udazkena eta negua nolakoak izaten ari diren ikusteak ez du lasaitasunera bultzatzen, ez baita egunik animaliei eragiten dien gaitzen bat albiste ez denik. Joera, gainera, gaixotasunak ugaritzekoa izango da; hala diote ikerketek. Datozen hamarkadak beroagoak izango dira, eta horrek, beste hainbat faktorek lagunduta, gaixotasun gehiago egotea ekarriko du.  

Hegaztiei, txerriei, behiei eta beste hainbat espezieri eragiten dieten gaitz kutsakorrak ia nahieran dabiltza hara eta hona; erakundeak atzetik, horien hedatzea nola gelditu asmatu ezinik; abeltzainak egoerarekin itota eta etorkizunarekin arduratuta; eta herritarrak kezkatuta, ezjakintasunagatik batetik, eta oinarrizko zenbait elikagairen prezioek izan duten neurrigabeko hazkundeagatik, bestetik.   

Azken asteetan eta hilabeteetan hainbat izan dira abeltzaintza sektorea eta erakundeak estualdian jarri dituzten gaitzak. Urriaren bukaera aldera, albiste gogorra eman zuen Bergarako Zezenak ganadutegiak sare sozialen bidez; hain zuzen ere, ukuiluan zituen 90 abelburuak hil beharko zituela, tuberkulosi kasu bat atzeman zutelako. Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamentuak baieztatu zuenez, hustuketa sanitarioaren Europako protokoloa aplikatu behar izan zuten behi suharren Bergarako ganadutegian. Araudi horrek dio, behi tuberkulosiaren intzidentziak %1 gainditzen badu, kasu positibo batekin kontaktua izan duten abelburu guztiak sakrifikatu behar direla. Tuberkulosiaren kasuan oso zorrotza da araudia, animaliek gizakiak kutsatu ditzaketelako.

Ganadutegiko arduradunek araudia gaitzesteko baliatu zuten aukera, kutsatutako abere bakar batengatik animalia osasuntsu guztiak hiltzera eramatea bidegabetzat jota, baina agindua gauzatu beste erremediorik ez zuten izan. Urola Kostatik kanpoko ganadutegia izan arren, lotura estua du eskualdearekin, eta batez ere, Azpeitiarekin. Izan ere, Bergarako zezenak urtero izaten ziren Azpeitiko sokamuturrean. 

Bergarako zezenak hiltegira bidean ziren egun horietan, dermatosi nodular kutsakorra deritzon gaitza bilakatu zen notizia. Frantziako hiru departamentutan gaitz horrek jotako animalien hainbat kasu atzeman zituzten, eta handik Gironara (Katalunia) hedatu zen gaitza. Zabaltzea saihesteko kontrol eta babes neurriak hartzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak, eta Euskal Herrian kasurik hauteman ez bazuten ere, ganadu azokak eta lehiaketak debekatu zituen aste batzuetarako, beste hainbat neurriren artean. Europako Batasunean A kategoria du abereen eritasun horrek, eta horrek gaitza desagerrarazteko neurriak hartzera behartzen ditu administrazioak. Dena den, gaitza zabaltzen ari zen zantzurik ez zenez, azaroarekin batera, bertan behera utzi zuen debekua.

Erreportaje hau inprentara bidalitakoan hori zen egoera, baina, harrezkero, dermatosi nodular kutsakorra tarteko, Jaurlaritzak berriz ere debekatuta ditu ganaduekin egiten diren ekitaldiak eta ikuskizunak. Hain zuzen ere, abenduaren bukaera debekatu zituen otsailaren 26ra arte, eta horretan dira egun. Ondorioz, besteak beste, sokamuturrik ez zen izan Azpeitiko sansebastianetan, eta karnabaletako sokamuturra ere airean da oraindik

Dermatosi nodularragatik ezarritako lehen debekua bukatzerako, hegaztien gripea zen sektore horretako ekoizleen eta erakundeen kezka iturri nagusi. Iberiar penintsula guztian kutsatutako hegaztien kopurua erruz handitzen ari zela ikusita, azaroaren erdialdera gaitz hori zabaltzeko arrisku maila handitu egin zuen Espainiako Gobernuak, eta horrekin, hegazti guztiak itxita edukitzeko agindu zuen. Gipuzkoako haztegietan ez da kasurik jakinarazi, ezta Hego Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan ere; bai, ordea, hegazti basatien artean. 

Madrilen aginduak ezartzen duenez, bestelakorik jakinarazten ez duen bitartean, ezingo da hegaztirik hazi aire zabalean. Neurriak eragina du bai ekoizpen industrialetan, bai haztegi ekologikoetan, baita autokontsumorako baserrietan ere. Hala ere, kasu berezietan hegaztiak kanpoan izateko aukera utzi dute, babes neurri zorrotzak hartuta. 

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek neurria kritikatu egin zuten, gehiegizkoa zela iritzita. Egoera epidemiologikoak halako murrizketa orokorrik ez zuela justifikatzen adierazi zuten, ez behintzat kasurik atzeman gabeko lurraldeetan. Neurriak sektoreko enpresei zein animalien ongizateari eragingo zien kalteaz ohartarazi zuten, besteak beste, aire zabalean ibiltzera ohituta dauden animalien portaera naturala erabat aldatzen delako itxita daudenean. 

"Pena handiena da ehun urte baino gehiagoz landutako genetika betirako galdu dugula"

Horrez gain, ohartarazi zuten kalitatezko arrautzen eta haragi ekologikoaren eskaintza nabarmen murriztuko zela debekuaren ondorioz, eta horrek, prezioak igotzea ekarriko zuela. Arrautzak, esaterako, %25 eta %30 artean garestitu dira urtebetean. Ekoizle handiak izan dira prezioak gehien igo dituztenak, hegazti gripeak galera handiagoak eragin diezaizkielako haiei. Izan ere, araudiak dio oilo bakar bat kutsatuz geroz oilategiko denak sakrifikatu beharko direla.

Eta hegazti gripeari aurre egiteko neurriak indarrean daudela, animaliei eragiten dien beste gaixotasun bat atzeman dute; txerri izurria, hain zuzen. Katalunian detektatu dituzte aurreneko kasuak, Collserola basoan hilda azaldu diren hainbat basurdetan. Gipuzkoan ez dute kasurik atzeman oraingoz, ezta Hego Euskal Herriko beste lurraldeetan ere. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ehiztariei eskatu die arreta handiz ibiltzeko eta neurriak hartzeko, eta txerriak dituzten baserritan ere biosegurtasun neurriak zorrozteko eskatu du. 

Gaixotasun hemorrogiko bat da txerri izurria. Abere horien eta basurdeen artean oso azkar hedatzen da zuzeneko harreman edo janari bidez, eta askotan animalien heriotza eragiten du. Gaitzak ez dio gizakiari kalterik egiten, eta horregatik, lasai egoteko eskatu dute erakundeek.

Prebentzio indarrak 

Azken asteetan gaitz horiek izan dira abeltzainak eta erakunde publikoak alerta egoeran jarri dituztenak, baina horiei gain hartu orduko edo hartu aurretik agertuko dira beste batzuk. Horren jakitun dira abeltzainak, une oro tentsioan bizi dira, eta badakite etorkizuna samurragoa ez dela izango. 

Gaixotasun ia guztiak eltxoen bidez transmititzen direla jakinda, garbi dago zein izango den etorkizuneko joera: zenbat eta bero handiagoa, orduan eta eltxo gehiago; beraz, planeta berotu ahala, gaixotasunak ere ugaritu egingo dira. Behin gaitza ustiategi batera sartzean, ondorioei aurrea egitea besterik ez zaie gelditzen abeltzainei, eta gaitzaren arabera ondorio horiek izango dira arinagoak edo larriagoak, baina beti eragingo dituzte kalteak. Beraz, gaixotasunak ustiategietatik urrun mantentzea, hori dute eguneroko borroka, eta horretan ari dira indarrak jartzen. 

"Egon daiteke animalia bat tuberkulosiaz kutsatuta eta, hala ere, probetan negatibo eman"

Azpeitiko Oñatz auzoko Zelaiaran baserrian, esaterako, Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoaren (GHE) agerraldia izan zuten orain dela bi urte. Ustekabean iritsi zitzaien gaitza, baina behin lehen kasua baieztatuta, animaliak bata bestearen atzetik gaixotzen joan zitzaizkien. 200 bat buruko ganadutegian, lau animalia hil zitzaizkien, nahiz eta kutsatutakoak askoz gehiago izan ziren. Kalteak askoz handiagoak izan zitezkeela jakitun da Eli Egiguren ganadutegiaren arduraduna, baina horrek ez dizkie kentzen aste haietan bizitako momentu txarrak. "Aste latzak" izan zirela esan du. Ezjakintasuna, urduritasuna, kezka... sentimendu txar asko aldi berean, eta horiei denei nola edo hala aurre egin eta lanean jarraitzeko indarrak atera behar. "Behin gaitz bat ganadutegian sartzen denean, ondorioei aurre egitea da gelditzen zaizun bakarra. Kutsatutako animaliak osasuntsu daudenengandik bereizten dituzu, egunero animalia guztiak goitik behera aztertzen dituzu beste kutsaturik baden jakiteko, dena ahalik eta ondoen eta behin eta berriz garbitzen duzu... Har ditzakezun neurri guztiak hartzen dituzu, baina badakizu kalteak izango dituzula". 

Horrelakoetan erakundeen laguntza izaten dute kalteei aurre egin ahal izateko. "Hildako animalia bakoitzagatik diru laguntza ematen digu diputazioak, baina horretarako animalia zergatik hil den egiaztatu behar izaten dugu, eta lan neketsua izaten da hori, besteak beste, gure hitzak ez duelako balio, ez baikara albaitariak. Frogatu egin behar izaten dugu gaitzak eraginda hil dela, eta hil aurretik jakinarazi egin behar diegu gaixo dagoela". 

Gaixotasun baten ondorioak kudeatzea lan neketsua dela ziurtatu du Egigurenek; horregatik, nahiago du ahaleginak eta baliabideak prebentzioan jartzea, eta gaixotasunei aurrea hartzen saiatzea. "Lehen gaixotasuna ukuilura sartu eta gero hasten ginen neurriak hartzen, baina orain alderantzizkoa da joera; sartu ez dadin hartzen ditugu neurriak". Garbi du hori dela bidea, eta bide horretatik joango direla etorkizuneko politikak. "Orain, adibidez, zortzi gaixotasun atzemateko kanpaina berezietan sartuta daude, eta kanpaina horien barruan, urtero egin behar izaten dituzte azterketak. Animalia guztiei ez dizkiete gaixotasun guztien probak egiten, gaixotasun bakoitzaren prebalentziaren arabera egiten dituzte probak, egoera kontrolpean izateko beharrezko jotzen dituztenak". 

"Ondorioak kudeatzea lan neketsua da; hobe da indarrak eta ahaleginak prebentzioan jartzea"

Proben emaitzen zain egoten diren egun horietan ohi baino urduriago egoten den galdetuta, ezetz erantzun du Egigurenek. "Egun horietan bereziki urduri ez naiz jartzen, baina esan liteke tentsio konstantean bizi garela, beti gon behar dugu-eta adi, edozein momentutan eta edozein lekutatik sar daitekeelako ganadutegia hankaz gora jarri dizun gaixotasun bat". 

Hustea, azkena

Hala ere, gaixotasun jakin baten inguruko ohiko kanpaina bat ez dago konparatzerik ganadutegian tuberkulosi agerraldi bat izan ondorengo batekin. Asier Arrizabalaga Itziarko Saka ganadutegiaren jabeak aitortu du kanpaina bat egindakoan bi egun begirik bildu gabe igarotzen dituela azterketen emaitzen zain. 240 buru zituen Arrizabalagak ganadutegian, eta joan den otsailean hiltegira eraman behar izan zituen azken 170 buruak, tuberkulosi agerraldi bat kontrolpean hartzeko modurik ez zutelako izan. Handik hilabete batzuetara gauza bera gertatu zitzaion Bergarako Zezenak ganadutegiari.

Duela aste batzuk behien tuberkulosiak abere suharrengan eta ganaduzaleengan dituen ondorioz hitzaldia eman zuten Arrizabalagak zein Asier Albite albaitari eta Lasturko Albara ganadutegiaren jabeak Azpeitian. Albitek gaitzaren ezaugarriez jardun zuen, eta azaldu zuen gaixotasun isila dela tuberkulosia, hasierako faseetan ageriko sintomarik eragiten ez duena. "Animaliak oso poliki joaten dira ahultzen, urteak igaro ditzakete gaixorik, bistara ikusten diren sintomarik gabe". Detekzio sistemak ere "engaina" ditzake, gainera, gaixotasun horrek. "Hainbat eratako probak daude tuberkulosia atzemateko, baina gaixotasunaren fase bakoitzean proba batzuk besteak baino eraginkorragoak dira; beraz, positibo faltsuak gertatzen diren bezala, baliteke negatibo eman duten animaliak kutsatuta egotea eta ez jakitea ere. Pentsa dezakezu ganadutegia garbi daukazula, hala ez den bitartean, eta bitartean, gaitza bere lana egiten joaten da". 

"Prest daude beharrezko prebentzio neurri guztiak hartzeko, hustuketa bat saihestearren" 

Saka ganadutegian urtebetean jardun zuten tuberkulosia garbitzeko ahal zituzten guztiak egiten, baina ikusten zuten gauza luzatzen zihoala, nahi zuten emaitzarik ez zutela lortzen, eta gainera, ez zutela lortuko zuten ziurtasunik ere. "Gehiago luzatu genezakeen egoera, baina inork ezin zigun ziurtatu ustiategia garbitzea lortuko genuenik". Beraz, animalia denak akabatu eta berriz hasieratik hasteko erabakia hartu zuten. "Pena handiena da ehun urte baino gehiagoz landutako genetika galdu genuela, denbora asko beharko dugula berriz hori lortzeko, eta hala ere, lehengorik ez dugula lortuko". 

Hain zuzen ere, hustuketa sanitarioa egin beharra da edozein abeltzainen "amesgaiztorik handiena", hutsetik hastera behartzen baitu, Xabier Iraola Enba nekazarien sindikatuko koordinatzaileak azaldu duenez. "Prebentzioan ahalegin eta baliabide gehiago jartzeko prest daude abeltzainak, behar diren guztiak, hustuketak saihestearren". Lehendik ere abeltzaintzatik bizitzea nahikoa zaila ez bada, ezer gabe gelditu eta berriz hasieratik hasteko indarrak ateratzea ia ezinezkotzat jo du.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide