Beizama eta Nuarbe arteko errepidean obretan ari dira, bidea seguruago egiteko

Nerea Uranga 2026ko urtarrilaren 31

Beizama eta Nuarbe arteko errepidea hobetzeko lanak. (Mailo Oiarzabal)

Joan den hiletik ari da Gipuzkoako Foru Aldundia GI-3720 errepidean obretan. Beizama eta Nuarbe arteko bidearen hiru zati hobetuko dituzte, errepidea zabalagoa eta seguruagoa izateko helburuarekin.

Azken asteotan, GI-3720 errepidearen Beizama eta Nuarbe arteko zatian obretan ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. "Errepidea zabaltzea eta herrien arteko konexioa hobetzea" da obren helburua, lurralde erakundeak adierazi duenez. Behin lanak bukatutakoan, errepide seguruagoa eta zabalagoa izango dela zehaztu dute. Urtarrilean hasitako obrak eta lan denak bukatzeko hiru hilabete beharko dituztela aurreikusi du aldundiak, eta lan horiek 190.413 euroko aurrekontua izango dute.


Nuarbe eta Beizama arteko errepidean obretako seinaleak. (Mailo Oiarzabal)

Beizama eta Nuarbe arteko errepidean hiru zati zabalduko dituzte: 0,7 eta 0,8 kilometroen arteko bide zuzena eta 2,350 eta 2,450 kilometroetan dauden bihurguneak. Bide bazterrak janda eta harri-lubeta txikiak eraikita zabalduko dituzte errepide zati horiek. Bihurguneen arteko bide zati zuzena 5,20 metrora arte zabalduko dute eta 2,450 kilometroan dagoen bihurgunea hobetzeko, berriz, betelanak egingo dituzte errepidea 6,25 zabal izateko.

Behin mendi bazterrak jateko eta betelanak egiteko obrak bukatutakoan, bidea egonkortuko eta drainatze lanak egingo dituzte. Horrez gain, euste funtzioa duten sistemak aldatuko dituzte errepidearen hainbat gune hobetzeko helburuarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide