Eduardo Agirre eta Alaitz Badiola: "Oinarria sendotzea nahi dugu"

Mailo Oiarzabal 2026ko urtarrilaren 30a

Alaitz Badiola eta Eduardo Agirre, selekzioaren elastiko banarekin, Azpeitiko Frontoi Txikian. (Mailo OIarzabal)

Ofizialtasuna bideratuta, badute zeri heldu Agirrek eta Badiolak Euskal Pilota Federazioaren zuzendaritzan. Urtebete daramate bi azpeitiarrek Joxe Mari Mitxelenaren gidaritzapean ari den lantaldean.

Joan den igandean bete zen urtebete Joxe Mari Mitxelena buru zuen hautagaitzak Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren (EEPF) hauteskundeak irabazi zituenetik. Horrela, Gotzon Enbil zumaiarrak eta haren taldeak utzitako lekua hartu zuten federazio horren zuzendaritzan Pilota Zazpi Haizetara izenarekin aurkeztu ziren taldekoek, eta Mitxelenaren eskutik iritsi ziren zuzendaritzara Urola Kostako beste bi ordezkari: Alaitz Badiola (Azpeitia, 1981), pilotari ohia; eta Eduardo Agirre (Azpeitia, 1965), Zestoako Abantzu elkarteko delegatua.

Aurreko zuzendaritzaren eskutik Nazioarteko Euskal Pilota Federazioan (FIPV) tokia egitea lortuta jaso zuen zuzendaritza berriak EEPFren agintea, baina horrekin batera eta horren haritik jaso zuen, era berean, opari pozoitua: Espainiako Pilota Federazioak auzitara eraman zuen FIPVek EEPF eskubide osoko kide izendatzeko hartutako erabakia. Ia urtebete igarota, joan den urtarrilaren 20an jaso zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ordekatzen dituen federazioak Kirolaren Arbitraje Auzitegiaren (KAA) ebazpena: Espainiako federazioaren helegitearen gainean ebazteko eskumenik ez duela jakinarazi du kirol auzietan nazioarteko instantzia gorenak, eta, horrenbestez, EEPFk "behin betiko ofizialtasuna" iragarri du. 

Urtebete zurrunbiloan

KAAren ebazpenarekin "lasaitua" hartu dutela aitortu dute EEPFren zuzendaritzako azpeitiarrek. Izan ere, horretxen zain igaro du beren lantaldeak federazioaren gidaritzan osatu duen lehen urtea, oso-osorik, eta horrek "guztiz baldintzatu" du federazioaren jarduna, hala dio Agirrek. Zuzendaritza hartu orduko jarri zieten esku artean Espainiako federazioaren helegitearen "potajea", Badiolaren esanetan. "Federazioan sartu berriak, ez genekien ondo zer zen esku artean genuena, ezta horren aurrean zer egin behar genuen ere", gehitu du pilotari ohiak.

KAAren erantzunaren Damoklesen ezpata, batetik, eta selekzioaren inguruko "egoera denak" kudeatu beharra, bestetik. Zurrunbiloak irentsita aritu izanaren sentipena dute Badiolak eta Agirrek. "Egunerokotasunean sortzen diren beharrak asetzen" ere ahalegindu dira, baina ez dute izan federazioan sartzerako zituzten beste hainbat asmori nahi edo behar bezala heltzeko aukerarik.

Horregatik, gizartean, erakundeetan edota komunikabideetan KAAren erabakiak eragin duen poza partekatzen dute bi azpeitiarrek, EEPFri nazioarteko federazioan Espainiaren edota Frantziaren pare parte hartzeko eskubidea aitortu zaiolako eta FIPVen txapelketa ofizialetan euskal selekzioak iaz hasitako ibilbideari jarraitzeko aukera izango duelako; baina neurri berean edo are gehiago pozten ditu KAAren ebazpenak, aurrerantzean buruan dituzten lanei eta proiektuei behar bezala heltzeko aukera emango dielako.

Izan ere, ofizialtasuna dela eta ez dela, ñabardura garrantzitsua egin nahi izan dute Agirrek eta Badiolak: FIPV ez da pilotako nazioarteko erakunde bakarra, eta euskal selekzioa orain baino lehen hasita zegoen nazioartean lehiatzen. FIPV "gehienbat" ezker paretako modalitateen federazioa dela azaldu du Agirrek, baita ezagunena ere; baina Esku Pilotako Nazioarteko Konfederazioa (CIJB) ere badago, eta horrek antolatutako txapelketetan lehendik ari zen lehiatzen euskal selekzioa. Euskal Herrian hain ezagunak ez diren modalitateak barnebiltzen dituzte CIJBren txapelketek: one wall, wall ball, Valentziako pilota... Gainera, FIPVek onartutako selekzioan ez bezala, Euskal Herriko lurralde guztietako pilotariak aurkez ditzake eta aurkeztu ohi ditu euskal selekzioak CIJBren txapelketetan.

Euskal Herri osoko pilotariei euskal selekzioan batzeko ematen dien aukera ez ezik, pilotak beste lurralde batzuetan duen indarra ezagutzeko aukera eman diete EEPFkoei CIJBren txapelketek. Herbehereak eta Belgika aipatu dituzte Badiolak eta Agirrek. "Herbehereetan milaka lizentzia dituzte, gurean baino gehiago. Estadio txiki batzuetan jokatzen dute, eta bost mila pertsona-eta sartzen dituzte horietan, partidak ikusteko", azaldu du Abantzukoak. Taldekako modalitateak dira eta liga profesionalak ere badituzte herrialde horietan. "Pilota asko bizi dute, jende asko mugitzen da", gaineratu du Badiolak.

"Kluben federazioa"

EEPFren zuzendaritzan bigarren urtea lehendabizikoa baino lasaiagoa izatea espero dute Badiolak eta Agirrek. Eta, batik bat, Mitxelenaren eskaintza onartzera bultzatu zituen horretan, "oinarriko lanean", jarduteko aukera izatea espero dute. "Gu ez gara bulegoko jendea", dio Agirrek, eta "frontoikoak gara gu" esanez borobildu du kidearen esaldia Badiolak. Hauteskunde kanpainatik defendatu izan duten filosofia berresteko garaia iritsi zaiela uste dute. "Beti esan izan dugu gurea kluben federazioa dela. Gu [zuzendaritza] ordezkari xume batzuk besterik ez gara; kluben ordezkariak, hain zuzen. Guk proposamenak aurkeztuko ditugu, baina klubak izango dira horiek adostuko eta onartuko dituztenak, batzarretan", azpimarratu du Badiolak.

Klubei zein federazioari, pilotari, finean, erronkarik ez zaie falta. Kirol 'handiekin' lehiatzerakoan, haien aldera erortzen da sarri balantza, bereziki futbolaren alde. "Benjaminetan, kimuetan... nahiko ondo defendatzen gara, ume dezentek jokatzen du pilotan adin horietan. Baina kirol bat ala beste aukeratzeko adinera iristen direnean... Kimuetan hamar pilotari izatetik, infantiletan bi izatera pasa daiteke klub bat, adibidez", dio Agirrek. Hori, mutilei dagokienez; pilota klubetan berez askoz gutxiago izan ohi diren nesken artean, zer esanik ez.

Pilotariei kirol horretan jarraitzeko "pizgarriak" eskaintzeko tresna izan daitezke euskal selekzioa eta federazioaren ofizialtasuna, baina ezer baino lehen, "azpiegitura" indartzea eta klubei eta kirolariei beren jarduerarako "baliabide duinak" eskaintzea da federazioaren helburu nagusia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide