Ingrid denboraleak erabat baldintzatuta, gaur eguerdian jokatu dute 62 ontzik Portugaleteko XIV. Traineru Jaitsiera. Aurreikusitakoa baino ordu erdi lehenago ekin diote kirol probari, eta emakumezkoetan Astillero (15:53.10) eta gizonezkoetan Zierbena B (20:31.09) izan dira azkarrenak.
Eskualdeko ontziei dagokionez, Zarauzko emakumezkoen traineruak eta Getariak lortu dituzte emaitzarik onenak. Lehen horiek hirugarren egin dute gaurko proban, irabazlearen eta Hondarribiaren atzetik bakarrik (16:15.35). Gizonezkoetan Getaria laugarren sailkatu da (21:09.56), Zierbena, Bermeo eta Ondarroaren atzetik.
Nesketan, Zarautzen atzetik helmugaratu dira bai Zumaia (16:18.50) eta bai Orio (16:23.61), eta hurrenez hurren, laugarren eta bosgarren postuak eskuratu dituzte. Gizonezkoen senior mailan, berriz, Zarautz hamalaugarren postuan sailkatu da (21:48.59), eta Orio, 24. postuan (23:07.94).