Herriarteko Bertso Txapelketako bigarren kanporaketa, bihar Azkoitian

Julene Frantzesena 2026ko urtarrilaren 29a

Mikrofonoak.

Gipuzkoako lehiaren lehen faseko bigarren kanporaketa saioan Azkoitiko bi talde ariko dira nor baino nor: Jokin Biyokin eta Astuk Alineaute. 22:00etan hasiko da dema. Saio horretan nagusitzen den taldeak finalerdietarako txartela eskuratuko du.

Joan zen astean Zestoan hasitako bideari jarraituz, bihar, ostiralez, Herriarteko Bertso Txapelketako bigarren saioa izango da Zurt tabernan. Gipuzkoako lehiaren lehen faseko bigarren kanporaketa saioan Azkoitiko bi talde ariko dira nor baino nor: Jokin Biyokin eta Astuk Alineaute. 22:00etan hasiko da dema.

Finalerdietarako txartela eskuratzeko lehian Azkoitiko sei bertsolarik abestuko dute: Jokin Biyokin taldeko Unai Izagirrek, Jon Izagirrek eta Jokin Landak; eta Astuek Alineaute taldeko Asier Garate Txibilter-ek, Iñaki Tolosak eta Eneritz Artetxek. Saio horretan nagusitzen den taldea otsailaren 27an Aizpurutxoko Itziar jatetxean egingo duten bertso afari formatuko finalerdira sailkatuko da.

Urola Erdian zazpi talde ari dira parte hartzen Herriarteko lehiaren lehen fasean, eta fase hori hiru final laurdenek, bi final erdik eta finalak osatuko dute. Aurreneko hiru saioak tabernetan izango dira, finalaurrekoak jatetxeetan, bertso afari formatuan, eta finala, berriz, Azpeitiko Charles Chaplin tabernan izango da. 

Finalean garaile ateratzen den taldea izango da eskualdean nagusi, eta haientzat txapelketak jarraitu egingo du. Izan ere, eskualdeak elkarrekin nahastuta hainbat saio egingo dituzte bigarren txanpan. Maiatzaren 30ean jokatuko dute Gipuzkoako Herriateko Txapelketaren finala, Aiako probalekuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide