Nagore Aranburuk eta Kandido Urangak Feroz sari bana jaso zuten atzo, larunbata, Pontevedran (Galizia) egindako galan. Espainiako Informatzaile Zinematografikoen Elkarteak banatzen ditu sari horiek, eta taldeko gizon eta emakume onenaren sariak jaso dituzte eskualdeko bi aktoreek; Aranburu azpeitiarrak taldeko emakume onenaren saria eskuratu du Los Domingos filmean egindako lanari esker, eta Uranga zumaiarrak taldeko gizon onenarena Maspalomas filmean egindako lanagatik.
Biak ala biak izan ziren atzoko ekitaldian, eta pozarren jaso zituzten sariak. Izan ere, sarietarako hautagaiak ziren horiek, baina beste hainbat aktore ere bai: Aranbururekin batera ziren taldeko emakume aktore onenaren saria jasotzeko hautagai Iraia Elias zarauztarra, Elena Irureta zumaiarra eta Maria de Medeiros nahiz Elivira Minguez; eta Urangarekin batera, berriz, Asier Etxeandia, Miguel Garces, Joaquin Nuñez eta Miguel Rellan.
Aranburuk iaz ere jaso zuen Feroz sari bat; orduko hartan Querer telesailean egindako lanagatik, aktore protagonista onenaren saria eman zioten. Atzoko ekitaldian umorez jaso zuen oroigarria, abitu batek hainbeste poz emango zionik ez zuela uste esanda. Talde teknikoari eta aktore taldeari eskaini zien saria hark, baita Los Domingos-en zuzendari Alauda Ruiz de Azuari ere, "magia" egiteagatik. Etxekoekin ere oroitu zen azpeitiarra, halaber. "Honek [sariak] egiten dugun horretan sinesten jarraitzea ahalbidetzen digu. Eskerrik asko, publikoari, zinemara gure proposamenak ikustera joateagatik", esanez bukatu zuen hark hitzartzea.
Aktore ibilbide luzea duen arren, Urangak atzo jaso zuen aurrenekoz Feroz sari bat. Maspalomas filmeko talde guztiari, eta Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga zuzendariei eskerrak eman zizkien hark, bidean emandako laguntzagatik, eta etxekoei ere zuzendu zitzaien zumaiarra, golardoa eskuetan zuela: "Maribi, Manu, Maialen, Alex, hau [saria] etxera eramango dut". Galegoz hasi zuen hark hitzartzea, eta bukatu ere bai, han zirenak agurtuz.

Goya sarietarako hautagai
Espainiako Zinema Akademiak otsailaren 28an Bartzelonan banatuko ditu aurtengo Goya sariak, eta sari horietako batzuk jasotzeko hautagai horien guztien artean bi zumaiar eta azpeitiar bat daude: Kandido Uranga, Elena Irureta eta Nagore Aranburu.
Taldeko gizon eta emakume onenaren sarietarako hautagai dira eskualdeko hiru aktoreak, hain zuzen ere, Maspalomas-en egindako lanagatik Uranga, Sorda filmean egindakoagatik Irureta eta Los Domingos-en egindakoa tarteko Aranburu.