Deñe Garcia Bravok eta Eire Mayak sariak jaso dituzte Huhezinema jaialdian

Julene Frantzesena 2026ko urtarrilaren 24a

Mikel Balerdi eta Deñe Garcia Bravo atzo saria jaso berritan. (Huhezinema)

Garcia Bravo urrestildarrak eta Mikel Balerdik Ikusleen saria eta Huhezinema saria jaso zituzten atzo, Eraman zutela dokumentalari esker. Maya zumaiarrak, berriz, Ikasle saria jaso zuen, Zeharkatzen gaituena film laburrari tarteko. Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateak antolatutako zinema jaialdia da Huhezinema, eta atzo egin zuten sari banaketa ekitaldia Aretxabaletan.

Huhezinema jaialdiko hiru sari jaso zituzten atzo Deñe Garcia Bravo urrestildarrak eta Eire Maya zumaiarrak. Bakoitzak bere arloan, ondu dituzten ikus-entzunezko lanei esker eskuratu zituzten horiek epaimahaiaren aitortzak. Atzo jaso zituzten sariak Aretxabaletako (Gipuzkoa) Arkupe aretoan egindako ekitaldian.

Deñe Garcia Bravo urrestildarrak eta Mikel Balerdik bi sari jaso zituzten sari banaketa ekitaldian, Olaberrian (Gipuzkoa) 1936ko gerra piztu berritan fusilatu zituzten bi lagunen historiatik abiatuta ondutako Eraman zutela dokumentalari esker. Sail ofizialean finalisten artean izan da lan hori, eta hain zuzen ere, Ikusleen saria eta epaimahaiaren Huhezinema saria eskuratu dituzte bi sortzaileek.

Eire Maya sortzaile eta musikari zumaiarrak Ikasle saria jaso zuen, ostera, atzokoan. Ikus-entzunezko komunikazioko ikasleak Zeharkatzen gaituena film laburrari esker eskuratu du saria.

Eire Maya –ezkerrean– atzo saria jaso berritan. (Huhezinema)

Huhezik, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateak, 2008an jarri zuen martxan Huhezinema jaialdia. Harrezkero, urtez urte egin dute egitasmoa; aurtengoa 19. edizioa izan da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide