Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoa eta Geoparkearen Tour Birtuala aurkeztu dituzte Fiturren

Aitziber Arzallus 2026ko urtarrilaren 22a

Ion Arozena UKUEren lehendakaria Fiturren. (UKUE)

Ion Arozena Urola Kostako Udal Elkartearen lehendakariak euskara eta turismoa uztartzen dituen Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoari eta haren kanpaina berriari buruz jardun du Madrilgo Fitur turismo azokan. Leire Barriuso Euskal Kostaldeko Geoparkearen kudeatzaileak, berriz, geoparkean barrena bira birtual eta interaktiboa egitea ahalbidetzen duen erreminta digital berria aurkeztu du.  

Egunotan turismo arloko Fitur azoka egiten ari dira Madrilen, eta Urola Kostako zenbait ordezkari han dira, eskualderi lotutako proiektuak aurkezten. Hain zuzen ere, igandera arte iraungo duen azokan, Gipuzkoako bost proiektu aurkeztuko dituzte jendaurrean, eta horietako bik dute eskualdearekin lotura: Urola Kostan euskara eta turismoa uztartzen dituen Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoa horietako bat, eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen Tour Birtuala da bestea. 

Ion Arozena Urola Kostako Udal Elkartearen (UKUE) lehendakaria izan da euskara eta turismoa uztartzen dituen egitasmoaren nondik norakoak azaldu dituena, Jakes Agirrezabal Eusko Jaurlaritzaren Turismo eta Merkataritza sailburuarekin eta Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuarekin batera. Ongi Etorri Euskararen Herrira egitasmoa 2020an jarri zuten martxan, eta UKUEk eta kostako bost herriek hartu zuten proiektua garatzearen ardura, beharrezko ikusi zutelako euskararen aldagaia ere txertatzea turismo arloko jardueretan eta ekimenetan.

Orain arte egindako ibilbidearekin gustura egon arren, berritzeko beharra zuela eta horixe egin dutela azaldu du Arozenak Madrilen. Kanpaina berritua aurkeztu dute. "Irudia berritu diogu: freskoagoa da orain, jendea erdigunean jarrita", azaldu du Arozenak. "Koloreak bizitu dira, eta esaldi erabilgarriak txertatu, 'eskerrik asko', 'ongi etorri', 'kaixo'…, euskara ez dakitenek ere erabili ditzaten", gaineratu du.

Arozenaren arabera, bisitariak euskara ezagutzera, euskal kulturara hurbiltzera eta bertako jendearekin harremanetan jartzera gonbidatzen ditu kanpaina berriak, "esperientzia osoago batez goza dezaten". Baina mezu guztiak ez dira bisitarientzat; bertakoei ere euskara erabiltzeko eskatzen baitie, "bai bertakoekin, baita bisitariekin, turistekin eta mundu osotik etorritako jendearekin ere", azpimarratu du UKUEko lehendakariak. Izan ere, haren esanetan, horixe da Urola Kostara iritsi berriek bilatzen dutena: "Kultura baten egiazkotasuna, bere hizkuntzarekin batera".

Agirrezabalek eta Dominguezek ere hitz egin dute Urola Kostako egitasmoaren inguruan. Jaurlaritzaren ordezkariak nabarmendu du turistak erakartzeko garrantzitsua dela "desberdina eta benetakoa" izatea. "Nortasun propioa duten lekuen bila ibiltzen gara. Horrela izanik, ez dago euskara baino benetakoago, desberdinago eta paregabeago egiten gaituenik, gure nortasunaren oinarria da eta partekatzeko eta ezagutzera emateko irrikan gaude". Foru aldundiaren ordezkariak, berriz, "norberaren bereizgarriei balioa ematen dien turismoan" sinesten dutela adierazi du, "ez azalekoan geratzen dena, baizik eta esentzian sakontzen duena". Eta zentzu horretan, nabarmendu du "euskara gure altxorrik handienetako bat" dela. "Gure paisaia naturalak, mendiak, hondartzak eta hirigune historikoak zaintzen ditugun bezala, euskara baliabide turistiko gisa zaindu nahi dugu: bisitatzen gaituztenekin partekatu eta bizi nahi dugu, gure hizkuntza gure eskaintza turistikoaren parte gisa ezagutaraztea ez baita soilik euskara baloratzeko modu bat, euskara zaintzeko ere balio du".

Bisitariek Urola Kosta euskararen herria dela ikusteko ezinbestekoa da bertakoek hizkuntza hori erabiltzea, eta bertako saltokien eta tabernen arduradunak horretaz jabetzeko hainbat bisita egiteko asmoa iragarri dute egitasmoaren sustatzaileek. Arozenak azaldu duenez, "dendari eta tabernariei jakinarazi behar zaie euskara erabiltzeak balio erantsia emango diola beren negozioei; turistek benetakoa den esperientzia bizi nahi baitute Urola Kostara etortzen direnean; eta noski, eskualdeko herritarrak erosoago sentiarazteko modua ere ematen du euskararen presentziak". Aipatu bisitetan, egitasmoaren mezuak emateaz gain, euskararen egoera nolakoa den neurtzeko informazioa jasoko dute, alegia, hizkuntza paisaia nolakoa den aztertuko dute, erabilera neurtu eta beharrak identifikatu. 

Leire Barriuso azalpenak ematen Madrilgo Fitur azokan. (Utzitakoa)

Geoparke birtuala 

Fiturren Urola Kostako ordezkariek aurkeztu duten bigarren egitasmoa Euskal Kostaldeko Geoparkean bira birtual eta interaktiboa egitea ahalbidetzen duen murgiltze trena digital bat izan da. Deba, Mutriku eta Zumaiako gune esanguratsuenetan barrena ibiltzeko diseinatutako erreminta horrek, testu deskribatzaileak, audioak eta espazio birtualetarako estekak konbinatzen ditu, lurraldeko geologia (Flyscha eta Karsta), natura eta kultura ondareari buruzko informazioa zabaltzeko. Erabiltzaileek 360 graduko plano orokor baten bidez ezagutu ahal izango dute Geoparkea, eta, horri esker, interesgune konkretuak bisitatu ahal izango dituzte, hala nola Itzurun, Sakoneta, Mutrikuko Zazpi Hondartzak, Lasturko bailarara edo hainbat interpretazio zentro.

Geoparkeko kudeatzaile Leire Barriusok Fiturren adierazi duenez, "Geoparkearen balioekin guztiz lerrokatuta dago Tour Birtual berria, eta balio horiek zabaltzeko beste tresna bat izango da aurrerantzean". Haren esanetan, herritarrentzat lagungarria izango da Geoparkera bertaratu aurretik bisita planifikatzeko, eta baita behin Geoparkean bertan daudenean beharrezko informazioa eskuratzeko zein sarrerak erosteko ere. "Gainera, gure egonaldia ondoren gogoratzeko eta besteekin partekatzeko aukera emango digu, ingurune birtualak ematen duen erabilerraztasunari esker".

Tresna, web nabigatzaile baten bidez, bateragarria da smartphone, tableta eta ordenagailuekin, eta Geoparkearen webgunearen bidez sartu ahal izango dira bertara. Eduki guztiak lau hizkuntzatan egongo dira eskuragarri; hain zuzen ere, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

Baliabide turistikoak digitalizatzearen aldeko apustu estrategikotzat jo dute erreminrta berria. "Tour Birtual honekin, Geoparkeak beste urrats bat ematen du modernizatzen eta XXI. mendera egokitzen jarraitzeko etengabeko ahaleginean". Tresna berriari esker, geoparkea edonorentzat eskuragarriagoa, ulergarriagoa eta hurbilagokoa izango nabarmendu du Azahara Dominguezek, eta iraunkortasunaren aldeko apustu argi baten adierazlea ere badela. "Informaziorako sarbidea erraztea, plangintza hobetzea eta bisitatzen gaituztenak sentsibilizatzea funtsezkoa da Geoparkea bezalako espazio baliotsua zaintzeko. Izan ere, gure ondare naturala babestea eta gozatzea ez dira bateraezinak; aitzitik, etorkizunean gozatzen jarraitzeko modu bakarra da".

Europako Batasuneko Next Generation funtsetik jasotako laguntzarekin finantzatu dute proiektua, eta turismo zerbitzuen digitalizazio estrategiaren parte da. Estrategia horrek beste proiektu batzuk ere barnean hartzen dituela azaldu du Aitziber Kortazar Debegesako turismo arduradunak; hala nola Debako ondareari eta turismoari balioa emateko digitalizazioa, Zumaiako trenvgeltoki zaharrean (Moilaberrin) kokatuko den Flyschenea museo berriaren digitalizazioa, eta Santa Katalina komentu zaharrean kokatuko den Mutriku Talaia Geomuseoa gune berriaren digitalizazioa.

Bi proiektu horiez gain, Gipuzkoako beste hiru ere aurkeztu dituzte Madrilgo azokan: Gipuzkoako mendi gida bat, tontor enblematikoenetara igotzeko ibilbideekin eta bestelako hainbat proposamenekin; Pasaia Itsas Festibala; eta Irungo Irugurutzeta aztarnategia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide