Geure Gelatik eta Literaturia, Doinueleren udaberriko plazak

Aritz Mutiozabal 2026ko urtarrilaren 21a

Doinuele sarea osatzen dute ekimenetako ordezkariak. (utzitakoa)

Aurtengo egitarauaren berri eman du euskara hutsezko liburu eta diskoen plazen sareak. Gaur goizean egin dute agerraldia Iruñean, eta herritarrak azokak babestera deitu dituzte.

Doinuele euskara hutsezko plazen sareak aurtengo egitarauaren berri eman du gaur goizean, Iruñeko Laba aretoan. Bertan egin dute bat sareko kide diren bederatzi ekimenetako ordezkariek, eta «Euskal kulturak badaki, euskaldun orok baleki» aldarri eginez, azoka bakoitzaren daten berri eman eta programazioaren xehetasunak azaldu dituzte.

Egitaraua abian da atzotik, Baztango (Nafarroa) (H)ilbeltza euskal nobelaren astearekin, eta azoken martxak ez du etenik izango urte osoan zehar. Eskualdeko bi hitzorduak noiz izango diren ere iragarri dituzte, eta, ohi bezala, udaberrian izango dira: Azkoitiko Geure Gelatik, martxoaren 26tik 28ra, eta Zarauzko Literaturia, maiatzaren 29tik 31ra.

«Azokak jantzi egiten gaitu; jantzi, gorputza eta burua, barru eta kanpo jantzi behar direlako, eta arropa ez delako nahikoa janzteko: liburuek ere janzten gaituzte», nabarmendu dute Doinueleko kideek agerraldian. Bide batez, gainera, herritarrek daukaten ardurari ere egin diote keinu, eta zer jantzi erabakitzea bezain garrantzitsua dela adierazi dute "zer irakurri, zer ez, eta nola irakurri». Era berean, dei egin diete herritarrei euskal kultura eta plazak babestera.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide