Eskualdeko langabetuei zuzendutako soldadura ikastaroa antolatu du Iraurgi Berritzen garapen agentziak, ElkarEkin Lanean proiektuaren barruan. Otsailaren 2an hasiko dira saioak, prestakuntza espezializatuaren bidez herritarren enpleagarritasuna indartzeko xedez.
Gas babeslearen azpiko arku bidezko soldadura elektrodo kontsumigarriekin ikastaroa otsailaren 2tik ekainaren 16ra egingo dute. Guztira, 410 orduko ikastaroa izango da, eta saioak 15:00etatik 20:00etara egingo dituzte Azkoitian. Hamabost lagunentzako lekua dago horietan, eta beraz, parte hartu nahi dutenek Iraurgi Berritzeneko 688 75 84 94 telefono zenbakira deitu beharko dute.
Iraurgi Berritzeneko enplegu arloak Urola Erdian langabezia murrizteko eta enplegua sustatzeko ekintza lerro ezberdinak garatu ditu, eskualdeko eragileekin lankidetzan, eta hain zuzen, horren bueltan kokatzen da prestatu duten soldadura ikastaroa ere. Zehazki zaurgarritasun egoeran edo arriskuan dauden pertsona lanik gabeei laneratzea erraztea da proiektuaren xedea, horretarako ibilbide egokituak eta eraginkorrak eskainiz.