Baxurako arrantzaren espazioa atondu dute Itsas Museoan

Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 20a

Ezkerretik, Ixone Soroa, Xabier Alberdi, Moises Egaña eta Leandro Azkue. (Euskal Itsas Museoa)

Bizkaiko eta Gipuzkoako artisau eta baxura arrantza ezagutzeko aukera eman nahi diote bisitariei. Eskualdeko hainbat lagun izan zen espazioaren aurkezpenean.

Baxurako arrantzari buruzko espazio berria zabaldu dute Donostiako moilan dagoen Euskal Itsas Museoan. Eraikineko ganbaran atondu dute espazio berria, eta dagoeneko bisitagai dago. Bertan, euskal kostaldeko artisau eta baxura arrantza ezagutzeko aukera izango dute museo bisitariek.

Pasa den astean egin zuten eskaintza berriaren aurkezpena Itsas Museoan bertan, eta ekitaldian izan ziren eskualdeko hainbat lagun; horien artean, Euskal Itsas Museoko zuzendari zientifikoa den Xabier Alberdi zarauztarra, Gipuzkoako Arrantzaleen Federazioko lehendakariorde Moises Egaña zumaiarra, Getariako Elkano Kofradiako presidente Emeterio Urresti eta kofradia bereko idazkari Josu Ezenarro, eta Orioko San Nikolas Kofradiako presidente Jon Mujika eta idazkari Ane Uranga. 

Kofradia Itsas-Etxearekin batera sortu du Euskal Itsas Museoak proiektua, eta arrantza mota horren inguruko ezaugarriak ezagutzera ematea du helburu, hala nola, "bertako espezie nagusiak, denboraldiak, arrantza-teknikak eta, batez ere, arrantza hori ahalbidetzen duten pertsonak". Eduki interaktiboen, 3D betaurrekoen eta tableten bidez, bisitariek arrantza kanpaina nagusiak zeintzuk diren, itsasontzian bizitza nolakoa den eta itsasoko jendeak jasangarritasunaren alde egiten duen lana ezagutzeko aukera dute.

Elementu gorenetakoa

Xabier Alberdik aurkezpen ekitaldian azaldu zuenez, garrantzi handiko jarduera ekonomiko eta gastronomikoa izateaz gain, baxurako arrantza "euskal itsas ondarearen elementu gorenetako bat da, materiala zein, batez ere, immateriala, eta, beraz, museotik bertara hurbiltzen saiatu gara beti". Museoaren kultur eskaintza aberasteaz gain, ekimen horrekin, euskal arrantza komunitatearekin ditugun harremanak estutu nahi dituztela ere gaineratu zuen zarauztarrak. 

Moises Egañak, bere aldetik, garrantzitsutzat jo zuen baxurako arrantzari buruzko espazio bat izateak, "nor diren, espezieak, kanpaina nagusiak, arrantza aparailuak eta abar kontatu ahal izateko", baina baita "zergatik jarraitzen duen itsasoko jendearen lanak gizartearentzat hain garrantzitsua izaten". Donostian zabaldutako espazioa Kofradia Itxas-Etxearen ekintza planaren barruan sartzen dela ere adierazi zuen zumaiarrak, "bere dibulgazio ardatzaren barruan, eta ideia oso argi batekin jaio da: arrantza sektorea herritarrei eta, bereziki, gazteei hurbiltzea".

Ekitaldian izan zen, baita ere, Leandro Azkue, Eusko Jaurlaritzako Arrantza, Portu eta Itsasertzeko sailburuordea. Haren esanetan, "funtsezkoa da" halako dibulgazio ekimenak babestea, jarduera ekonomiko garrantzitsua izateaz haratago, "ondare bizia delako, belaunaldiz belaunaldi transmititutako ezagutza delako eta gure nortasunaren funtsezko pieza delako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide