Euskadiko Automobilismo Federazioak 2025. urtean jokatutako euskal txapelketetako sariak banatu ditu gaur igandea, Azkoitiko Baztartxo antzokian. Sari banaketa ekitaldian, denera 120 garaikur baino gehiago banatu dituzte.
Besteak beste, autokros txapelketako, slalomeko, erregulartasuneko, rallysprinteko, lur gaineko rallyetako, mendiko probetako, 206 Kopako, rallyetako eta Pirelli kopako sariak eman dituzte Baztartxon egin duten sari banaketa ekitaldian. Sarituen artean Urola Kostako gidariak eta kopilotuak izan dira. Autokroseko txapelketari lotuta, Jesus Etxeberria azpeitiarrak bigarren sailkatuaren saria jaso du II. mailan eta Ekain Otaegi beizamarrak bigarren sailkatuarena laugarren mailan.
Rallysprint txapelketako bigarren sailkatutako gidariaren garaikurra Aitzol Apalantza errezildarrak jaso du, eta rallysprinteko seigarren mailako lehen sailkatuaren garaikurrak Gurutze Agirretxe errezildar gidariak eta Mikel Labaka azpeitiar kopilotuak eskuratu dituzte.
Formula libreko sari banaketan, berriz, Aratz Buldain gidari azpeitiarrak bigarren sailkatuaren garaikurra jaso du, eta hirugarren sailkatuarena Enaitz Etxeberria urrestildarrarentzat izan da.
Lur gaineko rallyen txapelketako hiru garaikur jaso ditu gaur Baztartxon Gorka del Cid gidari azpeitiarrak: gidarien artean bigarren sailkatuarena nahiz junior mailako eta lehen mailako txapeldunarenak.
Azkoitiko Josu Beitiak, berriz, mendiko lasterketetako sarietan bigarren sailkatuarena jaso du, baita mendiko txapelketari lotuta, 10. taldeko lehen sailkatuaren saria ere.
2025eko rally txapelketako hirugarren sailkatutako gidariaren garaikurra jaso du Aitzol Apalantza errezildarrak, eta bigarren mailako txapeldunarena Maria Aranberri kopilotu nuarbetarrak.
Nazioarteko sarien barruan, Peugeot desafioko bigarren sailkatuaren garaikurra Aritz Iriondo zestoarrak jaso du. Igor Agirrebeña azpeitiarrak, berriz, autokros-Ceax txapelketako seigarren sailkatuaren garaikurra eskuratu du. Aiako Gorka Eizmendiri, berriz, rallykros-Cerx txapelketako RX mailako laugarren sailkatuaren saria eman diote, eta Azpeitiko Iosu Alberdiri Kroskar RX saileko laugarrenaren saria.