Hirugarren urtez, Herri Urratsen Musika Maketa Lehiaketa antolatu dute, eta onartutako 20 proposamenen artean, eskualdeko bost talderen lanak daude: Eraldatzen (Azkoitia), Ur (Azkoitia), Azax (Azpeitia), 3zur (Zarautz) eta Neu Troia (Zarautz-Donostia), hain zuzen ere. Genero zein molde estilistiko askotariko proposamenak jaso dituztela jakitera eman dute antolatzaileek; pop-rocka nagusi bada ere, erritmo berritzaileagoak ere jaso dituzte
Talde guztiek hiruna abesti aurkeztu dituzte lehiaketara, guztiak ere euskaraz. Orain, badok.eus atariak talde bakoitzaren kantu banarekin zerrenda bat osatuko du, eta zerrenda hori entzungai jarriko du datorren astean. Jarraian, lehiaketaren bigarren faseari ekingo diote, non epaimahaikideek bost talde finalista aukeratuko dituzten otsailaren 14rako. Azken fasean, otsailaren 17tik 23ra, entzuleen bozketa prozesua aurrera eramango dute. Publikoarena boto bat gehiago izango da, epaimahaikideekin batera talde irabazlea hautatzen lagunduko duena.
Talde irabazlearen berri martxoaren hasieran emango dute, eta honek Herri Urratsen zuzenean jotzeko aukera izango du, maiatzaren 10ean, Nafarroa-Badok gunean.