Nagore Aranburu, Elena Irureta eta Kandido Uranga, Goya sarietarako hautagai

Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 14a

Nagore Aranburu, Donostiako Zinemaldian. (Jorge Fuembuena)

Maspalomas filmean egindako lanagatik hautatu dute Uranga taldeko gizonezko aktore onenaren sarirako; Elena Irureta eta Nagore Aranburu, berriz, taldeko emakumezko aktore onenaren sarirako hautagaiak dira, lehena Sorda filmean egindako lanagatik eta Los domingos filmagatik bigarrena.

Espainiako Zinema Akademiak atzo eman zituen jakitera Goya sarietarako izendapenak. Otsailaren 28an egingo dute sariak banatzeko gala Bartzelonan, eta hautagai horien guztien artean bi zumaiar eta azpeitiar bat daude: Kandido Uranga, Elena Irureta eta Nagore Aranburu. Hiru aktoreak, Goya sarietarako ez ezik, Feroz sarietarako hautagai ere badira.

Izan ere, taldeko gizonezko aktore onenaren sarirako hautagai da Uranga, Maspalomas filmean egindako lanagatik. Xantiren papera jorratu du Urangak Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendutako filmean; Vicenteren (Jose Ramon Soroiz) gelakidea da hura adinekoen egoitza batean. Maspalomas iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, Sail Ofizialean, eta Soroizek Zilarrezko Maskorra jaso zuen film horretan egindako lanagatik. Orain, bederatzi Goya saritarako hautagaia da Arregiren eta Goenagaren filma.

Elena Irureta, bere aldetik, taldeko emakumezko aktore onenaren sarirako hautagai da Goya sarietan. Eva Libertad zinemagileak zuzendutako Sorda filmean egindako lanak bilakatu du Irureta sari horietarako hautagai. Haurdun geratu den emakume gor baten zalantzak kontatzen ditu filmak, eta Irureta Elvira da pelikula horretan, filmeko protagonista den Angelaren (Miriam Garlo) ama.

Zumaiarraren gisan, Nagore Aranburu ere taldeko emakume aktore onenaren sarirako izendatu dute. Azpeitiarrak lau proiektu aurkeztu zituen iazko Donostiako Zinemaldian, eta Los domingos filmean egindako lana nabarmendu dute. Alauda Ruiz de Azuak bizkaitarrak zuzendutako lanak hamahiru izendapen jaso ditu. Film horrek klausurako komentu batean sartu nahi duen nerabe baten istorioa kontatzen du, eta Aranburuk komentuko buruaren papera du lan horretan.

'Eloy de la Iglesia, adicto al cine'

Horiez gainera, Gaizka Urresti zinemagile bizkaitarraren Eloy de la Iglesia, adicto al cine lana film dokumental onenaren sarirako izendatu dute. Eloy de la Iglesia (Zarautz, 1944-Madril, 2006) zuzendari zarauztarraren figura aldarrikatzen du Urrestik ikus-entzunezkoan, non bere bizitzak eta bere obrak frankismoaren azken urteetako eta trantsizio garaiko alderdirik gordinena nahiz dekadenteena erakusten duen.

2025. Todos Somos Gaza, Flores para Antonio, Tardes de soledad eta The Sleeper. El Caravaggio perdido dokumentalekin batera lehiatuko da kategoria horretan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide