Urola Kosta barnealdea zuritu du elurrak

Mailo Oiarzabal 2026ko urtarrilaren 6a

Beizaman ez ezik, Errezilen, Azkoitian eta Azpeitian ere majo antzeman da elurraren arrastoa, azken horietan goizak aurrera egin ahala apaltzen joan den arren. Errepideetan aparteko eragozpenik ez du sortu, momentuz, elurrak. Hala ere, 15:00etatik 18:00ak arte luzatu dute elur arriskuagatik ezarria duten abisu horia.

Zeharo estalita edo laprastuta, elurtuta esnatu dira Errege goizean Urola Kosta eskualdeko barnealdeko herri gehienak. Beizama izan da, beste behin, elurraren eragina gehien antzeman duena, baina Errezilen ere koskarekin zuritu du, eta Azkoitian eta Azpeitian ere kaleraino iritsi da elurra; goizaldean zuri-zuri izan dira bazterrak bietan, baina goizak aurrera egin ahala urtzen joan da elurra, batik bat Azpeitian.

Hala ere, 15:00ak arte emanda zegoen elurragatik ezarri duten abisu horia goizeko lehen orduan, baina 18:00ak arte luzatu dute gero; tarteka elurra egiten jarraitzen du. Errepideei dagokienez, goizeko lehen orduetan kateak behar ziren Mandubian; uneotan (12:20), mendate horretan, Azkaraten zein Bidanian arretaz gidatzeko gomendioa indarrean dute trafikoaren arduradunek.

Bilduma honetan, aipatutako lau herrietan goizean zehar Gukak zein hainbat herritarrek jasotako irudiak ikus daitezke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide