Iban Larrañaga erremontista azkoitiarrak galdu egin du gaur, ostirala, Oriamendi 2010 erremonte enpresaren binakako erremonte txapelketaren finala. Azkoitiarra Josetxo Ezkurrarekin batera aritu da txapelketa guztian zehar, eta haiek ezin izan dituzte mendean hartu Imanol Ansa eta Aritz Zubiri. Bi set eta bat galdu dute finala Hernaniko Galarreta (Gipuzkoa) pilotalekuan: 14-15, 15-6 eta 8-3.
Lehen jokoan lortu dute Ezkurra II.ak eta Larrañagak beren puntua. Dena den, txapeldunek aurretik hasi dute finala; Ansa II.ak sustengatu dute bikote gorria, eta hark min egin die aurkariei aurreko koadroetan. 3-2, 7-3 eta 9-5 aurreratu dira txapeldunak, baina txapeldunordeek egoera irauli dute gero, bai aurrean, bai atzean, nagusitasuna erakutsi dute eta. Larrañagak hiru tanto egin ditu jarraian sakez, eta hala, lehen jokoa hamalauna berdindu dute. Azken tantoaren falta zuten bi bikoteek, eta orduan, Ezkurra II.ak egin du tantoa. 15 eta 14 lortu dute irabaztea urdinek.
Bigarren jokoa ere aurrenekoaren trazatik joan da. Ordea, jokoaren erditik aurrera erori eginda Ezkurra II.ak eta Larrañagak osatutako bikotea. Zubirik saketik lortu ditu zenbait tanto, eta Ansa II.ak ez ditu alferrik galdu aurreko koadroetan hartutako pilotak. Ansa II.ak eta Zubirik erraz lortu dute banakoaren puntua batzea eta finala berdintzea. Txapeldunek 15 eta 6 hartu dituzte mendean Ezkurra II.a eta azkoitiarra.
Finala berdinduta, azken jokorako utzi dituzte indar guztiak bi bikoteek; zortzi tantora jokatu dute finala. Hiruna berdinduta izan dira hasieran, baina Larrañagak falta egin du sakez orduan; une horretan bertan joan da bikote urdina finaletik. Pilota asko galdu dituzte Ezkurra II.ak eta Larrañagak, eta azkenean, 8-3 irabazi dute txapeldunek.