Aizkora eta harri jasotzea uztartzen dituen Kirol Herri txapelketaren finala jokatu zuten atzo, abenduak 31, Asteasuko Usarrabi pilotalekuan (Gipuzkoa). Urte amaieran Asteasun egin ohi duten herri kirol jaialdiaren barruan jokatu zituzten lehiak, eta han Urola Kosta eskualdeko ordezkari ugari izan ziren: Mikel Lopetegi Urra, Ainitze Zumeta, Maddi Gesalaga nahiz Lierni Osa harri jasotzaile zarauztarrak aritu ziren batetik, eta bestetik, Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarra eta Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarra. Urrak eta Zumetak jantzi zuten txapela harri jasotze txapelketan, eta Larrañagak aizkorakoan.
Jon Gisasola Zelai V.a, Beñat Telleria eta Gari Garmendia izan zituen aurkari Urrak. Lau kirolariek 125 kiloko kuboa, 125 kiloko zilindroa eta 125 kiloko bola altxatu behar izan zituzten, harri bakoitzarekin bi minutuko txandak eginez. Urra nagusi izan zen zilindroarekin eta kuboarekin, eta aurkarien pare aritu zen bolarekin. Hori hala, Zarauzko harri jasotzaileak 6.875 kilo altxatu zituen atzo. Telleria sailkatu zen bigarren (6.500 kilo), Zelai V.a hirugarren (5.875 kilo) eta Garmendia laugarren (5.625 kilo).
Hona hemen haiek egindako lana:
125 kiloko zilindroa:
- Mikel Lopetegi Urra: 23 altxaldi.
- Beñat Telleria: 21 altxaldi.
- Jon Gisasola Zelai V.a: 19 altxaldi.
- Gari Garmendia: 17 altxaldi.
125 kiloko kuboa:
- Mikel Lopetegi Urra: 16 altxaldi.
- Beñat Telleria: 15 altxaldi.
- Jon Gisasola Zelai V.a: 12 altxaldi.
- Gari Garmendia: 13 altxaldi.
125 kiloko bola:
- Mikel Lopetegi Urra: 16 altxaldi.
- Beñat Telleria: 16 altxaldi.
- Jon Gisasola Zelai V.a: 16 altxaldi.
- Gari Garmendia: 15 altxaldi.
Emakume harri jasotzaileetan, berriz, Zumetak jantzi zuen txapela. Zumetarekin, Osarekin eta Gesalagarekin batera, Patricia Martin aritu zen lehian, eta laurek 75 kiloko zilindroa, 62,5 kiloko kubikoa eta 62,5 kiloko bola altxatu behar izan zituzten. Zumetak pilatu zituen atzo kilo gehien (4.537,5 kilo), eta hala, hura izendatu zuten Kirol Herri txapelketako irabazle. Martin sailkatu zen bigarren (4.450 kilo), Gesalaga hirugarren (3.975 kilo) eta Lierni Osa laugarren (3.787,5 kilo). Zilindroarekin ateratako aldeari esker lortu zuen Zumetak txapelketa irabaztea. Hona hemen haiek egindako lana:
75 kiloko zilindroa:
- Ainitze Zumeta: 23 altxaldi.
- Patricia Martin: 21 altxaldi.
- Maddi Gesalaga: 23 altxaldi.
- Lierni Osa: 18 altxaldi.
62,5 kiloko kuboa:
- Ainitze Zumeta: 20 altxaldi.
- Patricia Martin: 20 altxaldi.
- Maddi Gesalaga: 17 altxaldi.
- Lierni Osa: 16 altxaldi.
62,5 kiloko bola:
- Ainitze Zumeta: 25 altxaldi.
- Patricia Martin: 26 altxaldi.
- Maddi Gesalaga: 19 altxaldi.
- Lierni Osa: 23 altxaldi.
Txapela, Azpeitira
Harri jasotze finalez gain, aizkorako dema ere jokatu zuten atzo arratsaldean, Asteasun. Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarraren eta Mikel Larrañaga azpeitiarraren artekoa izan zen txapela lortzeko lehia, eta, azkenean, azpeitiarrak jantzi zuen txapela; Hodei Ezpeleta Bihurri sailkatu zen hirugarren eta Xabier Zaldua laugarren.
Lau aizkolariek 60 ontzako lau enbor eta 54 ontzako sei enbor ebaki behar izan zituzten. Larrañagak 25.23 denboran amaitu zituen lanak; Txikia IV.ak minutu bat eta hamabi segundo gehiago behar izan zituen (26.35), Bihurrik bi minutu eta hogeitahamar segundo gehiago (27.53) eta Zalduak bost minututik gora (30.36).
Emakume aizkolarien banakako finala ere jokatu zuten, eta Oihana Fernandez de Barrenak jantzi zuen txapela (12.20). Karmele Gisasola Zelai III.a izan zen bigarrena (14.20), Nerea Arruti hirugarrena (14.24) eta Uxue Ansorregi laugarrena (14.54). Lau kirolari horiek 45 ontzako eta 54 ontzako bina enbor moztu zituzten.
Guztaren marka
Banakako finalez gain, Xabier Aranburu Guzta Azpeitiko bizilaguna marka saiakera egitera plazaratu zen, eta lortu zuen; bere buruari plazan 200 kiloko kuboa altxatzeko erronka jarri zion, eta bai lortu ere. Harri arinagoekin beroketa lanak behar bezala egin eta gero, hiru jasoaldi eman zizkion Idiazabalgo (Gipuzkoa) harri jasotzaileak 200 kiloko harriari.
(Argazkiak: Ibon Errazu Uria)