Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurkako manifestazioak egingo ditu urtarrilaren 31n, gazteen artean faxismoaren aurkako kontzientzia zabaltzeko asmoz. Bilbon eta Iruñean izango dira manifestazioak, eta Urola Erdiko GKSk Bilbora joateko deia zabaltzeko asmoz, aurkezpenak egingo ditu datozen egunotan. Etzi, urtarrilak 2, Azpeitiko Azoka Plazako areto nagusian egingo dute aurkezpena (18:30); zapatuan, urtarrilak 3, Zestoako Gaztetxean (11:30); eta urtarrilaren 9an, ostiralez, Azkoitiko Elkargunean (18:30).
Lanketa horren barruan, Euskal Herriko hamaika herritan egingo ditu GKSk urtarrilaren 31ko manifestazioak aurkezteko saioak, tartean eskualdekoetan. "Ideia erreakzionarioei, estatuen erreforma autoritarioari eta hedatzen ari den faxismoari aurre" egiteko deia zabalduko dute. "Euskal Herrian faxismoari gauzak erraz utziko ez dizkion indar handi bat dagoela erakutsi behar dugu, eta horretarako, garrantzitsua da ahalik eta gazte langile gehien mobilizatzea", adierazi dute GKSko kideek.
Bilboko manifestaziora joateko, gainera, autobusa antolatu dute Urola Erditik. Azpeitiko Haginpe tabernan, Azkoitiko Dean nahiz Tta-kun tabernetan eta Zestoako Fati tabernan eros daitezke autobuserako txartelak.