Pilotari profesionalen binakako txapelketako partidak izango dira urtarrilean Azpeitian eta Getarian

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 30a

Jokin Altuna 'Altuna III.a' pilotaria, tanto bat ospatzen. (Aspe)

Altuna-Ezkurdia eta Zabala-Martija bikoteen lehia ikusteko aukera izango da Azpeitiko Izarraitz frontoian, hilaren 16an. Aldiz, hilaren 23an, Jaka-Iztueta eta Zabala-Martija bikoteen arteko partida izango da Getariako Sahatsaga pilotalekuan. Bi jaialdietarako partidak salgai daude Entradas Fronton atarian.

Pilotari profesionalen eskuz binakako txapelketak Azpeitian eta Getarian egingo du geldialdia urtarrilean. Urtarrilaren 16an, ostiralez, txapelketa horren 10. jardunaldia irekiko duen lehia izango da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan (20:45). Bestalde, urtarrilaren 23an, ostiralez, txapelketaren 11. jardunaldiko lehen partida jokatuko dute, Getariako Sahatsaga pilotalekuan (19:00).

Azpeitian, Aspe pilota enpresako bi bikote ariko dira egun horretan nor baino nor gehiago: Jokin Altuna Altuna III.ak eta Joseba Ezkurdiak osatuko dute bikote bat, eta Javier Zabalak eta Julen Martijak, bestea. Egun txapelketaren erdiko eta beheko postuetan diren bikoteek txapelketan aurrera egitea dute asmo, eta hori hala, lehia bizia jokatuko dute lau pilotariek.

Dena den, goi mailako pilotari horien arteko dema ez da izango jaialdiko bakarra; izan ere, iluntzeko lehen partidan bi pilotari azpeitiarren arteko lehia izango da aurreko koadroetan, Julen Egiguren Egiguren V.aren eta Unai Alberdi Alberdi II.aren artekoa, hain zuzen. Egigurenek Ekain Lizeagarekin osatuko du bikotea, eta Alberdik, Aimar Morgaetxebarriarekin. Txapelketatik kanpoko partida izango da haiena.

Getarian izango dira astebete geroago Azpeitian kantxaratuko diren zortzi pilotarietako lau. Goi mailako binakako txapelketako partidan, Baiko enpresako Erik Jaka eta Martxel Iztueta ariko dira batetik, eta Aspeko Javier Zabala eta Julen Martija, bestetik. Txapelketatik kanpo, promozio mailakoen partida ere izango da Sahatsaga frontoian: Asier Agirre-Aimar Morgaetxeberria eta Julen Egiguren Egiguren V.a-Xabier Erostarbe bikoteek jokatuko dute. 

Sarrerak, salgai

Azpeitiko eta Getariako jaialdietarako sarrerak salgai daude dagoeneko Interneten, Entradas fronton atarian. Azpeitiko partidak ikusteko sarrerak 20 eta 30 euro artean ari dira saltzen, eta 25 eta 30 euro artean, Getariakoak. Sahatsagako partidak ikusteko, kantxaren lehen koadroetako sarrera guztiak agortu dira dagoeneko. Sarrerak aurrez ez badira saltzen, ordea, bi frontoietako leihatilan ere jarriko dituzte salgai partiden egunean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide