Eskualdeko harri jasotzaileek eta aizkolariek Kirol Herri txapelketako finala jokatuko dute bihar

Aritz Mutiozabal 2025eko abenduaren 30a

Maddi Gesalaga, Kirol Herri txapelketako lehen jardunaldian, Zarautzen. (Aritz Mutiozabal)

Asteasun izango da herri kirol jaialdia, 17:00etatik aurrera. Aizkoran, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Mikel Larrañaga azpeitiarra ariko dira. Harri jasotzen, berriz, Mikel Lopetegi Urra, Ainitze Zumeta, Lierni Osa eta Maddi Gesalaga zarauztarrak.

Aizkolaritza eta harri jasotzea uztartzen dituen Kirol Herri txapelketa azken txanpan sartu da, eta bihar arratsaldean banakako finalak jokatuko dituzte. Urte amaieran Asteasun egin ohi den herri kirol jaialdiaren barruan izango dira norgehiagokak, 17:00etan hasita, Usarrabi pilotalekuan.

Harriarekin hainbat zarauztar ariko dira lehian. Gizonezkoetan, Mikel Lopetegi Urra-k Jon Gisasola Zelai V, Beñat Telleria eta Gari Garmendia izango ditu aurkari, eta egin beharreko lanak ondorengoak: 125 kiloko kubikoa, 125 kiloko zilindrikoa eta 125 kiloko esferikoa ahalik eta gehien altxatzen saiatuko dira, harri bakoitzareko bi minutuko txandak eginez.

Emakumezkoetan, lau lehiakideetatik lau dira zarauztarrak: Ainitze Zumeta, Lierni Osa eta Maddi Gesalaga; laukoa Patricia Martinek osatzen du. Hauek 75 kiloko zilindrikoa, 62,5 kiloko kubikoa eta 62,5 kiloko esferikoa altxatu beharko dituzte, eta bakoitzarekin bi minutuko denbora tartea izango dute.

Aizkoran, berriz, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Mikel Larrañaga azpeitiarra ariko dira nor baino nor fgizonezkoen finalean, eta beraiekin batera, Xabier Zaldua eta Hodei Ezpeleta Bihurri; 60 ontzako lau enbor eta 54 ontzako sei enbor ebaki beharko dituzte. Emakumezkoetan, Nerea Arruti, Uxue Ansorregi, Karmele Gisasola Zelai III eta Oihana Fernandez de Barrena lehiatuko dira, eta 45 ontzako eta 54 ontzako bina enbor moztea izango da haien egitekoa.

Banakako finalez gain, Xabier Aranburu Guzta idiazabaldarrak marka saiakera egiten ahaleginduko da.  Bere buruari jarri dion erronka 200 kiloko kubikoarekin izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide