Beristain baserria ia guztiz kiskali da

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 29a

Suhitzaileak, atzo, baserrian lanean. (Iosu Iriondo)

Atzo 17:00ak aurretik piztu zen sua Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen baserrian. Suhiltzaileek Gukari jakinarazi diotenez, itzali dute sua. Kalte material handiak eragin ditu suteak, ia guztiz erre baita eraikina. 

Ia guztiz kiskali da Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen Beristain baserria. Atzo, igandea, 16:50 inguruan piztu zen sua han; Urolako parkeko suhiltzaileek Gukari jakinarazi diotenez, tximiniak hartu zuen su, eta ondoren, eraikin guztira zabaldu zen, bereziki, goiko solairuetara. Ezbeharrean ez zen inor zauritu, baina baserriaren lehen solairua, ganbara eta teilatua erabat erre ziren, egurrezko egitura du-eta erre den eraikinak. Aldiz, garajea eta baserriaren tailerra salbatu dituzte suaren garretatik, baita han zeuden traktore bat eta auto bat ere. 

Ertzaintzak 16:50ean jaso zuen abisua eta, suhiltzaileek lortu zuten sua kontrolatzea baserrira iristean. Dena den, haiek azaldu dute baserrira iristerako sua erabat zabalduta zegoela, eta ezin izan zutela eraikin guztia hondatzea saihestu. Gauak luze jo du Beristain baserrian; izan ere, gaur goizera arte lanean jarraitu dute suhiltzaileek, sua berriz pizteko arriskurik ez dagoela ziurtatu duten arte. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide