UKUEk kudeatzen dituen garbiguneek ordutegi berria izango dute urtarriletik aurrera

Julene Sorarrain 2025eko abenduaren 27a

Zarauzko Garbiguneko irudia. (Urola Kostako Udal Elkartea)

Urtarriletik aurrera, astelehenetik ostiralera erabili ahal izango da garbiguneko zerbitzua, 08:30etik 13:30era eta 15:00etatik 17:30era. Bestalde, "herritarren beharretara hobeto egokitzeko", Aia, Orio eta Zumaiako kaleko edukiontzietan aldaketak egin dituzte. 

Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) kudeatzen dituen garbiguneek ordutegi berria izango dute urte hasierarekin batera. Hori ez ezik, Aia, Orio eta Zumaiako edukiontzi eta hondakin etxoletan ere aldaketak egin dituzte.

Garbiguneei dagokienez, urtarriletik aurrera ordutegi aldaketa izango dute, eta herritarrek 08:30etik 13:30era eta 15:00etatik 17:30era eraman ahal izango dituzte hondakinak bertara. Abuztuan, berriz, astelehenetik ostiralera 08:30etik 13:30era egongo da irekita.

Garbiguneak herritarrei hondakinak bertara eraman eta gaika sailkatuta botatzeko zerbitzua eskaintzen die. Urte guztian dago irekita eta zerbitzua doakoa da. Urola Kostan hiru gune daude: bata, Zarautzen, Abendaño industrialdean; bestea, Zumaian, Joxe Mari Korta industrialdean; eta, hirugarrena, Aia-Orion, Ubegun industrialdean.

Aldaketak Aia, Orio eta Zumaiako edukiontzietan

Herritarrei "zerbitzu hobea" emate aldera, UKUEk aldaketak egin ditu edukiontzien kokapenean eta antolaketan. Zumaiaren kasuan, etxeko hondakin arriskutsuak –pilak, erradiografiak edo etxetresna txikiak– uzteko etxola lekuz aldatu dute, eta Zuloagan zegoen gunea Alai auzategian jarri dute, Eroski inguruan. Erabilitako arropa botatzeko edukiontzia, berriz, Zuloagatik Bonbillo batera lekualdatu dute.

Aia eta Orion, berriz, arropa jasotzeko kutxa etxolatik atera dute, izan ere, arropa "kaltetzen" zen modu horretan jasota. Ehunak etxolatik atera eta, bere lekuan, kafe kapsulak jasotzeko lekua jarri dute, azken urteetan "asko ugaritu den hondakina" delako.

Gabonetarako ordutegia bilketetan

Gabonak direla eta, hurrengo egunetan ere aldaketak egongo dira zenbait zerbitzutan. Hala, bolumen handikoen bilketarik ez da izango urtarrilaren 1ean, Zarautzen. Halaber, garbiguneak itxita egongo dira abenduaren 31n, eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an.

Datozen opor egunei begira mezua zabaldu dute Udal Elkarteko arduradunek: "Gabonetan ere zentzuz eta arduraz sortu eta bota behar ditugu hondakinak, urte osoan zehar ematen diren gomendio berak jarraituta, ahal den hondakin kopuru txikiena sortuz eta sortzen direnak dagokion lekuan botaz". 

Informazio gehiago eskuratzeko, herritarrek www.urolakosta.eus webgunea bisitatu dezakete, baita 943-89 08 08 zenbakira deitu edo harrera@urolakosta.eus idatzi ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide