Olatu batek auto bat kolpatu, eta zartatuta utzi zuen atzo arratsaldean N-634 errepidean, Getariatik Zumaiara bidean. Ezbeharra 16:45 aldera gertatu zela baieztatu dio Ertzaintzak hedabide honi, eta kolpeagatik ibilgailuaren aurreko aldea txikituta gelditu zela. Dena den, ez zen inor zauritu.
Istripu horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak errepidea bi noranzkoetan ixtea erabaki zuela ere esan du Ertzaintzak. Hain zuzen, 17:30 aldera itxi zuten errepidea Getaria eta Zumaia artean, eta ibilgailuak Meagako errepidetik bideratu zituzten.