Eusko Jaurlaritzak osasun zentro berriak eraikiko ditu Orion eta Azpeitian

Julene Frantzesena 2025eko abenduaren 18a

Azpeitiko gaur egungo anbulatorioa. (Kris Fernandez)

Erakundeak osasun azpiegituren eta ekipamenduen 2032ra arteko plana aurkeztu du. Orion 2028-2031 urteen artean eraikiko du anbulatorio berria; Azpeitian, berriz, 2032tik aurrera. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak esan duenez, albistea "ona" da; iritzi berekoa da Anuska Esnal Orioko alkatea.

Eusko Jaurlaritzak osasun azpiegituren eta ekipamenduen 2032ra arteko plana aurkeztu berri du, eta iragarri du Orion eta Azpeitian osasun etxe berri bana egingo duela. Ez du bi azpiegitura horien gaineko xehetasunik eman erakundeak, baina iragarri du horiek eraikitzeko aurreikusitako epea: Orion 2028 eta 2031 urteen artean; eta Azpeitian 2032. urtetik aurrera, epe zehatzik gabe.

Azpeitiko anbulatorioaren eraikina txiki geldituta dago azken urteetan, eta gainera, uholde arrisku handiko lekuan dago kokatuta. Horregatik, udalak Osasun sailarekin egin du lekualdaketaz hitz egiteko bileraren bat edo beste, eta dirudienez, bilkura horiek eman dute fruitua. Izan ere, Jaurlaritzak aurreikusi du anbulatorio berria egitea 2032ra arteko ibilbide orrian.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak esan duenez, albistea "ona" da, nahiz eta dena ikusteko dagoela adierazi duen. Gainera, Azpeitiko Udalak badu jabetzan osasun azpiegitura bat hartzeko moduko eraikin bat: Sierbetako komentua. Joan zen irailean erosi zuen udalak eraikin hori, eta gaur-gaurkoz, Hirigintza Antolamenturako Plan Orokorrean (HAPO) jasota dagoenez, Sierbetako komentua osasun, gizarte, kultur edo administrazio ekipamenduetara bideratu behar litzateke. Beraz, posible da lehen arretako azpiegitura berria han kokatzea nahiz eta dena airean dagoen.

Orioko anbulatorioaren kasuan, zaharkituta gelditu da, eta ez da funtzionala gaur egungo beharrei erantzuteko. Udalak behin baino gehiagotan eman dio osasun zentroaren egoeraren berri Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, eta Anuska Esnal Orioko alkatearen hitzetan, "albiste ona" da egindako eskaera entzun izana eta egoera hobetzeko neurriak iragartzea. Hala ere, Jaurlaritzak ez du zehaztu osasun etxea eraiki ala berritu egingo duten.

Eusko Jaurlaritzak, orotara, 21 osasun etxe, Tolosako (Gipuzkoa) ospitalea, Donostiako protoi terapiako zentroa eta Durangoko (Bizkaia) bereizmen handiko zentroa egingo ditu, baita ospitale hainbat handitzeko eta berritzeko lanak ere. Planean jasotakoa gauzatzeko 1.600 milioi euroko inbertsioa egingo du Jaurlaritzak, eta inbertsio horiek, indarrean dagoen agintaldiari ez ezik, hurrengoei ere eragingo die.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide