Goi mailako Bikain ziurtagiria jaso dute Errezilgo eta Getariako udalek

Onintza Lete Arrieta 2025eko abenduaren 17a

Bikain eta Harrobi ziurtagiriak jaso zituzten enpresa eta erakundeetako ordezkariak, atzo, Gasteizko ekitaldian. (Eusko Jaurlaritza)

Eusko Jaurlaritzak atzo egin zuen euskararen erabilera aitortzeko ekitaldia Gasteizko Europa jauregian, eta bi udalek ez ezik, eskualdeko beste hainbat enpresa eta erakundek ere jaso zuten aitortza.

Eusko Jaurlaritzak atzo egin zuen euskararen erabilera aitortzeko ekitaldia Gasteizko Europa jauregian, eta guztira 75 erakunde publikok eta pribatuk jaso zuten ziurtagiriren bat. Hainbat mailatako aitortzak egin zituen Jaurlaritzak, tartean goi mailako Bikain ziurtagiriarena, eta huraxe jaso dute Errezilgo eta Getariako udalek eta Azkoitiko Izarraitz LHII lanbide heziketa zentroak. 

Eskualdean beste zenbait enpresak ere jaso du ziurtagiriren bat. Azkoitiko Ibarmia Innovatek enpresak, esaterako, oinarrizko Bikain ziurtagiria eskuratu du, eta Azpeitian egoitza duen Sein taldeak, berriz, Harrobi ziurtagiria.

Hizkuntza Politikako sailburuordea, Aitor Aldasoro, izan zen atzoko ekitaldiaren buru, eta bertan izan ziren Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria ere, besteak beste.

Ekitaldian, Aldasorok erakunde publikoek zein pribatuek euskararen normalizazioan duten konpromisoa eta lana azpimarratu zituen: "Garbi dugu euskara gure bizitzako arlo guztietara zabaltzea dela gure helburua. Bide horretan, lan-eremuan euskararen erabilera handitzea lehentasunezkoa eta estrategikoa izango da, eta Lanera proiektuaren bidez zein Bikain eta Harrobi ziurtagiri hauen bidez, bide horretan aurrerapausoak ematen jarraituko dugu", esan zuen.

Getariako udal gobernuko kideak, atzo, Gasteizko ekitaldian, Haritz Alberdi alkatea buru dela. (Getariako Udala)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide