Sari sorta ekarri dute eskualdera Zumarraga-Urretxuko Santa Luzia feriatik

Mailo Oiarzabal 2025eko abenduaren 14a

Andoni Aizpuru errezildarra eta Xabier Arruti beizamarra, saria jasotzen bata eta ematen bestea. (Goierriko Hitza)

Errezilgo Mugarrieta baserriko Simon Aizpuruk lehen saria irabazi zuen atzo fruta zein Errezil sagar sariketetan, eta sail horietan nahiz abereenetan ageri dira Errezil, Azkoitia eta Azpeitiko ekoizleak eta jabeak.

Santa Luzia eguneko feria ospetsua ospatu zuten atzo Zumarragan eta Urretxun. Beste ekintza askoren artean, hainbat barazki, fruta eta abere sariketa egin zituzten, eta horietako sari batek baino gehiagok hartu zuten Urola Kostarako bidea.

Izen bat nabarmendu zen besteen gainetik: Simon Aizpuru errezildarrarena. Zumarragako partean egindako fruta lehiaketa eta Errezil sagarrarena, biak irabazi zituen Mugarrieta baserrikoak; Andoni Aizpuru ilobak jaso zituen biak. Aipatutako bi sariketetan aurrean ibili zen beste errezildar bat ere: Jose Antonio Labaka bigarren sailkatu zen Errezil sagarraren sariketan, eta hirugarren, fruta sariketan.

Zaldien sariketetan ere nabarmendu ziren eskualdekoak. Zaldi abere sariketaren pottoka atalean, zaldi onenaren hirugarren saria jaso zuen Errezilgo Luis Uzkudunek. Eta Euskal Herriko mendiko zaldien sariketan, hirugarren sailkatu zen Ignacio Aranguren azpeitiarra behorren sailean, hirugarrena izan zen Jon Unanue azkoitiarra ere moxalen sailean, eta zaldienean bosgarren tokian sailkatu zen beste azkoitiar bat, Iñaki Iturralde.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide