"Tradizioak ez dira berez mantentzen"

Ian Ruiz Lizaso 2025eko abenduaren 5a

Azpeitiko Errege Magoen kabalkada (Maialen Etxaniz)

Urola Kostako herrietan Errege Magoen kabalkadak antolatzeko boluntarioak falta dituzte. Herritarren lana eta belaunaldi berrien parte hartzea ezinbestekoak dira, urte luzez mantendu diren tradizioak ez desagertzeko.

Azken hilabeteetan, Gipuzkoako herrietako ohiko ekitaldien antolaketan hutsune berri bat agertu da. Hernanin, 25 urteko jarraipena izan ondoren, datorren urteko Errege Magoen kabalkada bertan behera geratu da, hura antolatzeaz arduratzen ziren boluntarioek ezin dutelako segi. Albisteak samina sortu du inguruko herrietan; izan ere, antolaketa talde guztiek ezkutuan eraman duten kezka islatu du. Azkoitian, Zestoan, Orion eta Azpeitian, behintzat, hala aitortu dute: tradizioak mantentzea gero eta konplexuagoa da, eta belaunaldien arteko erreleboa ez dago beti ziurtatuta.

Azken unera arte

Orioko kabalkadaren inguruan gertatutakoa da adibiderik argienetakoa. Urte luzez, ekintza udalak sustatutako bileren bidez antolatu izan dute herritarrek, baina iaz hutsune bat agertu zen, Jon Garate Trakatan elkarteko kideak gogorarazi duenez: "Udalak egindako azken bilerara inor ez zen agertu". Egoera horren aurrean, gazte kuadrilla batek erabaki zuen ardura bere gain hartzea. Haien artean baziren kabalkada antolatzen aritu izan direnen hirugarren belaunaldiko kideak. Horri esker egin ahal izan zuten iazko desfilea, eta momentu hartan sortu zen Trakatan elkartea.

Elkarteko kide den Ana Manterolak azaldu du prozesua ez dela erraza izan: "Gure denbora kudeatzen ikasi behar izan dugu, talde honetan denetik egiten delako: karrozak, jantziak, bilkurak eta tramiteak, besteak beste". Baina iazko emaitza ikusita, indarra hartu zuen taldeak, eta aurten lehen aldiz egituratutako talde bezala antolatuko dute kabalkada. Haien helburua argia da: "Txikitako magia mantentzea eta pixkanaka handitzea nahi dugu", nabarmendu du Manterolak.

Hernanin gertatutakoak, hala ere, ez ditu lasai utzi elkarteko kideak. Manterolak adierazi du boluntarioak falta zituztela ikusi zutenean ekintza bertan behera geratzeko "beldurra" sentitu zutela. Hala ere, elkartearen sorrerak eta taldea finkatuta egoteak "egonkortasuna" eman diela azpimarratu du Garatek.

Formula propioa

Azpeitian, antolaketa eredua bestelakoa da, Mikel Odriozola udaleko Festa batzordeburuak azaldu duenez: "Herriko kabalkada danborrradan parte hartzen duten hiru talderekin, bi ikastetxetako guraso elkarteekin eta herriko beste hainbat bolondresekin batera antolatzen da". Txandakatze sistemak lan banaketa "errazten" duela eta "boluntario berriak" parte hartzera bultzatzen dituela nabarmendu du.

Haren arabera, lan karga ez da txikia: bilerak, arropa atontzea, karrozak prestatzea edo parte hartzaileei azalpenak ematea urtero errepikatzen diren betebeharrak dira. Dena den, berrikuntzak ere badira: duela urte batzuk, ibilbidean gozokiak botatzeak eragin zitzakeen arriskuengatik, antolatzaileek erabaki zuten Erregeak geldirik dauden uneetan bakarrik banatzea.

Momentuz ez dute boluntario faltarik izan, eta Odriozolak ez du ezkutatu harro daudela: "Eskertuta gaude boluntario ateratzen diren guztiekin".

Erreleboaren beharra

Azkoitiko kabalkadak izaera berezia du. Errege Magoak Santa Klara komentutik abiatzen dira zaldien gainean eta pajeez inguratuta. Ondoren, herriko plazan Herodesen pasartea antzezten dute. Urte askoan talde ezberdinek antolatu izan dute kabalkada, baina azken urteetan erakunde bakarrean batu dira antolaketa koordinatzeko.

Nerea Machado AEKASP elkarteko kideak adierazi du kabalkada prestatzeak hilabeteetako lana eskatzen duela, eta boluntario ugariren parte hartzea. Berrikuntzak ere txertatu dituzte azken urteetan: oinezkoenganako tartea aldatu dute, segurtasun neurriak zorroztu dituzte, eta 2026an talde inklusiboak erromatarren papera hartuko du. Erronkarik handiena zein izan den ere aitortu du: "Boluntarioen eskasia izan daiteke, belaunaldi aldaketaren garaia heldu delako". Iaz, Hernanin gertatutakoaren aurrean, elkarteak gutun bat idatzi zuen herritarren laguntza behar zuela adieraziz. Horren ondoren, boluntario berri bat batu zen taldera, eta Machadoren hitzetan, "seinale positiboa" da hori. Beraz, tradizioak bizirik jarrai dezan, herritarren "konpromisoa eta parte hartzea ezinbestekoak" dira.

Momentu magikoa

Zestoako kabalkadak badu magia berezia. Eider Gomez antolakuntza taldeko kideak azaldu du umeentzat "liluragarria" dela Erregeak zaldien gainean ikustea, desfilea argi zuzien ilarak eta karameloen jaurtiketak girotzen duten bitartean. Elizako agurra da une berezienetako bat, haurrek errege bakoitzari gutuna ematen diotena. Hori da Zestoako desfilearen nortasuna: "Gertutasuna eta herri txiki bateko magia".

Kabalkada prestatzeak, ordea, lan handia eskatzen du, eta pandemiaz geroztik, boluntario talde berriak du ekitaldia antolatzeko ardura. Antolaketari "denbora asko" eskaini behar zaiola dio Gomezek, urtero egitekoen zerrenda luzea osatzen baitute: zaldiak bilatzea, jantziak garbitu eta antolatzea, karrozak prestatzea, argi zuziak, segurtasuna... Gainera, boluntario gabeziak gero eta zailagoa bihurtu du zeregin horiek gauzatzea: "Helduak ez dira animatzen, eta ume txikiak dituzten gurasoek haiekin ikusi nahi dute kabalkada; jendea bilatzea oso zaila egiten zaigu". Iaz, azken momentura arte zalantzan egon ziren kabalkada egin ala ez, eta, azkenean, "kostatuta" baina egin ahal izan zuten.

Urola Kostako kabalkada bakoitzak bere berezitasunak ditu: Oriokoak, gazteen bultzada; Azpeitikoak, antolaketa egituratua; Azkoitikoak, jarraipen historikoa; eta Zestoakoak, gertutasun magikoa. Baina guztiek partekatzen dute oinarri bera: herritarren borondatezko lana. Boluntarioen lanik gabe, ez lirateke horrelako ekintzak antolatuko. 

Hernaniko hutsuneak argi utzi du zer gerta daitekeen boluntario sare hori eteten bada. Herriko ohiturak ez dira automatikoki sortzen; zaindu eta elikatu egin behar dira. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide