Haremak eta horma ikusezinak

Ane Olaizola 2025eko abenduaren 5a

Edurne Lazkano, itzuli duen 'Terrasa debekatua' liburuarekin. (Erein)

Fatima Mernissiren Dreams of Trespass eleberria euskaratu du Edurne Lazkanok: Terraza debekatua. Marokon 40ko hamarkadan girotuta, haremeko istorioak kontatzen ditu lanak, 8 urteko neska baten begietatik. Durango Azokaren harira, Gukak osatu duen [DA!]tozenak serieko azken erreportajea da hau.

Erein eta Igela argitaletxeen elkarlanaren bidez eta EIZIE euskal itzultzaileen elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, Edurne Lazkanok (Azpeitia, 1968) Fatima Mernissiren Dreams of Trespass eleberria euskaratu berri du: Terraza debekatua. Marokoko Fez hiriko harem batean jaio zen autoreak bere haurtzaroan oinarritutako "kontakizun fikzionatua" ondu zuen 1994an, eta hiru hamarkadaren ostean, literatura unibertsalean kokatzen den lana euskaraz irakurtzeko aukera dute irakurleek.

Joan den mendeko 40ko hamarkadan girotuta, Fatima 8 urteko neskatoaren eta haren familiaren istorioak kontatzen ditu idazleak, eta soilik emakumeentzako espazio diren haremetan bizi izan zuena oinarri hartuta, batez ere emakumeen bizipenak ditu hark kontagai: "Protagonistaren haremeko istorioak dira eleberrikoak, baina baita han bizi diren beste emakumeenak ere. Familiaren bueltan bi harem daude, eta horietako batean bi emakume talde bereizten dira: batzuk dira leku berri bat bilatu nahi dutenak, modernoagoak eta feministagoak; eta beste aldean daude Maroko tradizionalari eutsi nahi diotenak eta araurik hautsi nahi ez dutenak. Beste harema mendian dago, eta Fatimari iruditzen zaio han ez dagoela harresirik; libreagoak direla hango emakumeak. Amonak esaten dio, ordea, ez dagoela harresien beharrik, kanpora irtetean ez dagoelako kale eta jenderik", azaldu du itzultzaileak.

Harema zein hura inguratzen duen hormaren erretratua egitetik harago, ordea, emakumeek bizi dituzten muga fisiko zein sinbolikoak, arauak eta rolak jorratzen ditu autoreak biografia kutsuko eleberrian. "Landa eremuko haremean bizi den amona horrek esaten dio han ez dagoela mugarik jarri beharrik, norberak dituelako bere baitan".

Lazkanoren esanetan, pisu handia duten emakume pertsonaia ugari agertzen dira istorioan zehar. Badaude, esaterako, esklaboak eta gerlariak, eta horien guztien istorio "hunkigarriak" kontatzen ditu protagonistak bere begietatik. Era berean, benetako pertsonaiak ipuinetakoekin nahasten dira hainbat pasartetan; esaterako, Mila gau eta bat gehiago liburuko pertsonaia Xeherezade aipatzen da. Ildo horretan, errealitatea eta fikzioa lotzen dira hainbatetan. "Ipuin bilduma handi bat bezalakoa da".

Urrunekoa gertu

Literatura Unibertsala bildumako 192. liburua da Lazkanok euskarara ekarri duena, eta azpeitiarrak itzultzaileen elkartearen lehiaketa irabazi ondotik gauzatu du lana. Itzultzaileak aurrez ere itzuli izan ditu haur eta gazte literaturako lanak, baina aurreneko aldia izan da eleberri bat euskarara ekarri duena. Bide horretan, "ardura handiz" baina "eroso" sentitu dela azaldu du hark. "Hizkuntza egiturari dagokionez, zailtasun handirik ez duen liburua da. Izan ere, Mernissik ingelesez idatzi zuen liburua, eta ingelesa ez zen bere ama hizkuntza. Beraz, nahiko hizkuntza modu erraza ageri da. Ordea, ahozkotasunak pisu handia du liburuan, eta zailena tonu hori mantentzea izan da".

Itzultzaileak, argitaletxeek eta erakundeek asteartean aurkeztu zuten liburua, eta agerraldi horretan gogoratu zuten moduan, neska koskorra zeneko oroitzapenekin eleberria sortu zuen Mernissi bera erreferentea izan zen gerora emakumeen ahalduntzean edota islamaren interpretazio feministan. Lazkanok adierazi du aurrez ez zuela ezagutzen autorea, eta "deskubrimendu" bat izan dela: "Maroko gertu daukagu, baina ez dugu ezagutzen, joera handiagoa dugulako iparraldeko herrialdeetara jotzeko hegoaldekoetara baino. Oso exotikoa egiten zait zentzu horretan, baina ikusi dut ez garela hain desberdinak: beraiek ere familia handietan juntatzen dira, guk baserrietan egiten genuen moduan. Liburuan, amonak esaten dio kanpotarra ezagutzeak bere burua hobeto ezagutzen lagunduko diola, eta neuk ere horixe egin dut: liburuaren bidez nire umetako kontuez asko pentsatu dut".

Era berean, aurkezpenean azpimarratu zuten itzulpengintzak aukera ematen duela beste herrialde batzuetako kulturak ezagutzeko, eta Lazkanoren iritziz, liburu honek balio dezake "ondoan" dauden Marokoko herritarrez zein kulturaz dagoen imajinarioan eragiteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide