Joxi Eguzkitza: "Apaizok ohituta gaude aldaketetara, batetik bestera ibiltzera"

Mailo Oiarzabal 2025eko abenduaren 4a

Joxi Eguzkitza, Soreasuko Sebastian Donearen parrokiako ate nagusiaren aurrean. (Mailo Oiarzabal)

Tolosaldeko herri txikietako parrokietan zaildua, urtebete pasatxo darama Aiako elizgizonak Azpeitiko parroko karguan. Ezagutze prozesuan jarraitzen du, baina orain artekoan "ondo konpondu" da Azpeitian.

"Santio Erreka eta Aristerrazu artean" jaioa, Mañi baserrian –"Mañarinegi da, baina guretzat Mañi", zehaztu du–, Tolosaldean egin du apaiztu zenetik gaur arteko ibilbide ia osoa Joxi Eguzkitzak (Aia, 1956). Eskualde hura utzita, 2024ko urriaren 10ean hartu zuen Azpeitiko Parrokiaren ardura, Zarautzera lekualdatu zuten Kepa Susperregiren lekukoa hartuta. Azpeitian "oso ondo" hartu dutela dio. 

Urtebete pasa joan da Azpeitiko Parrokiaren gidaritza hartu zenuenetik. Zer moduzkoak izan dira lehen hilabeteak?

Onak izan direla esan dezaket, ondo pasatu dut. Ezagutzen joateko urtea izan da, baina urtebetean ez da dena ezagutzeko betarik izaten. Parrokian bertan gauza mordoa dago eta jende mordoa ibiltzen da; beraz, dena ezagutzea edo menderatzea ez da hain erraza. Gainera, adinarekin, ez zaizkigu nonbait hain erraz sartzen aurpegiak-eta buruan, kostatu egiten da.

Beraz, ezagutze prozesuan jarraitzen duzula esango al zenuke?

Bai. Herrian ere jende asko ikusten duzu, eta ezagutzeko denbora hartu behar da.

Kepa Susperregik utzitako zuloa betetzeak ez dirudi erronka makala. Lupapean sentitu al zara?

Jendeak konparazioak egitea oso normala da. Bakoitzak bere estiloa du, garen bezalakoak gara, eta nik ez dut inoren zulorik beteko. Ahal dudana egingo dut, eta Kepak ere hala egingo zuen seguru asko; hark ahal zuena eta ahal zuen ondoena egingo zuen, eta ni ere saiatuko naiz horrela egiten.

Tolosaldean egin dituzu apaiz ibilbideko urte gehienak. Zer moduz eraman duzu lekualdatzea, aldaketa?

Usurbilen apaiztu nintzen, baina segituan joan nintzen handik Tolosara. Han hamabi urte egin nituen, horietatik bost parroko gisa, eta gero, 26 urtez ibili nintzen Abaltzisketa eta Santamaña [Santa Marina] tarte horretan bueltak emanez, hamabi parrokiatan lanean. Azpeitira etorriko nintzela jakin nuenean, erabaki nuen leku batetik bestera aldatutakoan moztu egin behar zela harremana, eta hangoei esan nien hiru hilabetetan ez nindutela ikusi ere egingo; eta hiru hilabetetan ez nintzen hemendik atera. Leku berri batera joatea eta han ibiltzen hastea ere ez zait hainbeste kostatzen, eta uste dut ondo konpondu naizela hemen. Ez dakit besteek zer esango duten. Batzuek esango dute "honek hau eta beste egiten dik", auskalo, baina ni ondo ibili naiz eta inguruan tokatu zaidan jendea ere ona izan da. Horrek asko errazten du gauzak ondo egitea.

Espero zenuena baino samurragoa izan al da aldaketa?

Apaizok ohituta gaude aldaketetara, batetik bestera asko ibiltzera; parrokia batean egonda ere, asko mugitzen gara hara eta hona. Gure bizitzaren zati bat da hori. Baina, bai, nahiko erraz moldatu naiz Azpeitira. Jakin nuenean etorri beharko nuela, erabaki nuen aurretik buelta bat ematera etortzea, denbora pasa, herria ikustera. Lehendabizi Errezilen gelditu nintzen; kotxetik jaitsi nintzen, eta hantxe bertan esan zidan pertsona batek: "Lasai, e, ez ibili ezkutuan, badakigu hona zatozela" [barrez]. Eta gauza bera gertatu zitzaidan jarraian Azpeitian: plazara iritsi nintzenerako, lau pertsonak geratu ninduten kalean.

Nolako parrokia da Azpeitikoa?

Herri handi bateko parrokia da Azpeitikoa, eta hori bai dela aldea ni egon naizen tokiekiko. Urteek ere eragiten dute. Lehen nengoen tokian, banekien pertsona bakoitza zer etxetan bizi zen, hamabi herritako ardura izanda ere; etxe gehienetara iritsita nengoen. Azpeitia kalea da; jakin dezaket pertsona bat Paulo VI.ean bizi dela, baina Paulo VI.ean non... Horrez gain, desberdintasun handirik ez da egoten leku batetik bestera. Herri guztietan egoten dira pertsona batzuk eliz kontuetan gehiago sartuta daudenak eta errazagoa da parrokoak harremana haiekin izatea, hainbeste sartuta ez daudenekin baino. Kalera irteten naizenean, jende mordo batekin eta gazte jende mordoarekin egiten dut topo, eta ez ditut beren aurpegiak ezagutzen; lehengo tokian, banekien bakoitza zein zen eta zer etxetakoa zen. Saiatzen ari naiz nire artxiboa lantzen, buruko disko gogorrean espazio gehiago nola egin asmatzen, datu gehiago sartu ahal izateko.

Azpeiti ondoko herrietan ere badituzu ardurak. Ondo moldatzen al zara?

Errezilgo parrokoa ere banaiz, eta uneotan, Urrestillakoa, Nuarbekoa eta Matxinbentakoa ere bai. Garai berriak dira, eta garai berriotatik ere ikas genitzake gauzak. Elizari dagokionez, aipatzen da sinodalak izan behar dugula, baina hemen ez daukagu hori aipatu beharrik, ikasten eta praktikan jartzen ari baikara elkarrekin lan egin behar dugula, laikoekin ere bai. Beharbada, hori da daukadan lanik edo eginikizunik handiena, parrokietan gauden pertsona ezberdinekin batera elkarrekin bidea egiten joatea. Hasiak gara bidea egiten, Eraberritzeko Taldea deritzonarekin; joan den larunbatean egin genuen bilera eta parrokia desberdinetako 28 lagun elkartu ginen.

Ondo hartu al zaitu herriko jendeak?

Oso ondo. Iazko San Tomas eguna seinalatua izan zen niretzat. Ordura arte jokoz kanpo sentitu izan nintzen nolabait, eta "zer giro ona dagoen herri honetan", esan nuen neure baitan. Etorri ziren sansebastianak, eta haiek ere ospatu genituen ospatu behar ziren bezala. Gero inauteriak etorri ziren, eta horietan ere, oso ondo. Jendeak asko parte hartzen duen festak iruditu zitzaizkidan. Saninazioak ere pasatu nituen, baina horiek oso ofizialak dira.

Espero zenuena aurkitu al duzu ala bada harritu zaituen zerbait?

Iruditu zait kanpotik ikusita ematen duena baino jende gehiagok parte hartzen duen parrokia dela Azpeitikoa. Nabaritzen da igual duela urte batzuk are gauza gehiago egiten zituztela, parrokia handietan ohikoak izaten diren horiek. Bestelakoan, bazter guztietako kontuak ditugu: haur katekesian umeekin eta gurasoekin lan egiten asmatzeko zailtasunak, gazteekin zer egin eta hor dagoen ilunpea, gure irudiak markatzen duena...

Horiez gain, zer erronka ditu Azpeitiko Parrokiak?

Elkarrekin lan egiten ikastea, adibidez, lehen esandakoaren ildotik. Badira bereziki bailara honetan dagoeneko oso ondo egiten diren lanak ere: espetxean dauden pertsonen inguruan egiten den lan isila, esaterako, edo Caritasek egiten duena. Erronketara itzulita, gazteena ez ezik, pertsona helduena ere aipatuko nuke, beren sinesmenean sakontzeko bide berriak eskaini behar zaizkielako. Dena den, agian parrokia honek daukan gauzarik nabarmenena da izugarrizko eliza daukala, herria sortu zenetik hasitako historiaren ondorioa, hor geratzen den dorrearekin hasi eta gero erantsi zaion guztiarekin jarraipena izan duena. Gauza ona da berez, baina bere zama du. Zaindu egin behar da, eta zaintzarako bitartekoak behar dira; ondarea babesteko neurriak ere hor daude, ez daukagu iltze bat ere paretan jartzerik ondarea babesteko erakundearen baimenik gabe. Etxeak berak lanak ematen ditu, beraz.

Lanetik kanpo, egin al duzu lagunarterik? Kantu Jirakoekin-eta ibili izan zara kantuan, argazki kamerarekin ibiltzea ere gustuko duzu…

Argazki kamerarekin ibiltzen naiz, bai, Kantu Jirakoekin kantuan ere ateratzen naiz, inguruko lagun batzuekin tabernaren batera joateko aukera ere izaten dut, eta bestelako aukerak sortzen direnean ere saiatzen naiz parte hartzen. Batzuek esan didate lotsagabea naizela... 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide