Idatziz jaso ditu esne berriketak Uxue Alberdik

Maria Maya Manterola 2025eko abenduaren 2a

Durruti eta Alberdi, liburu aurkezpenean. (Utzitakoa)

57 andrazkoren 77 kontakizun jaso ditu Alberdik Esne berriketan liburuan. Kontatu ezin direnak kontatu ditu. Durango Azokaren atarian, Guka osatzen ari den DAtozenak serieko erreportajea da hau.

Hizketaldi hutsala, ganorarik gabekoa omen da esne berriketa. Ustez garrantzirik gabeko 77 istorio bildu ditu Uxue Alberdik (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984) Esne berriketan (Elkar) liburuan; norbaitek ahoz kontatu, idazleak belarriz jaso eta idatziz emandakoak guztiak ere. Istorio horien ilustrazioak sortzeaz arduratu da Begoña Durruti. 

Inportantziarik gabeko kontakizun horiek esan nahi dutena azaleratu nahi izan du Alberdik kontakizun bildumarekin. Ez du jardun historiaren bila, zerbait esaten duten istorioen bila baizik: "Kontatzea merezi duten istorioak bildu ditut, izan bereziak direlako, gogorrak, bizimodu apartekoa izan dutelako andre horiek, erreakzionatu dutelako espero ez zen bezala, hunkigarriak direlako". Andrazkoak baitira Alberdiren liburuko kontalariak, eta horiei galdetu die sexuari eta sexualitateari buruz, heriotzari eta erditzeari buruz, andre gaiztoei buruz, feminitatearen arauetan kabitzen ez diren istorioei buruz. 

"Mugimenduz beteriko paisaia bat" osatu dute kontakizun horiek guztiek batak bestearen atzean. Badaude barrea eragiten duten istorioak, eta badaude istorio oso gogorrak: beraien jabeentzako erditzen ziren neskameengandik hasi, eta mendeku graziosoak hartu dituzten andreetaraino. Musikaz betea ere bada paisaia hori; toki bakoitzeko esamoldeak entzun zitezen saiatu da kontalarien hitzak idazterakoan. Euskara batuan daude idatzita, baina leihotxo moduko batzuk dauzkate istorio askok, narratzailea entzun beharrean, kontalaria entzuteko. 

Aurkezpenean Alberdik aipatu zuen kontalari askok beraien burua arriskuan jarriko luketela garai batean kontatutakoak kontatuz gero. "Publikoki espresatzea konplikatua da guretzat, emakumeontzat. Gure hitz publikoa mugatzeko mekanismo asko daude martxan, ez ditzan desafiatu garaiko botereak, inguruko gizonak, errelato nagusia", azaldu du Alberdik. Izan daitezke erlijioa, ezkontza, herriari dagokiona...

Sara Ahmed filosofoak dioena ekarri du gogora Getariako bizilagunak: zapaltzen zaituzten instituzioak kritikatzeko beharra dagoela, baina horien beharra ere bai bizirik irauteko. Kuadrillaren beharra, bikotekidearena edo herriarena; komunitatearena, alegia. Emakumeen hitza eta adierazteko baimen hori familiak eman edo ukatu izan du sarritan, Alberdiren hitzetan: "Batzuek beraien izenean kontatu dituzte gauzak; beste batzuk, familiaren beldur dira, esaterako". 

Andrazkoek, beren buruaz

Garrantzitsua da Alberdirentzat beren buruaz andrazkoek beraiek hitz egitea. Euskal literaturaren historia laburra izan da, eta ez dago, esaterako, lehen pertsonan kontatutako duela ehun urteko dibortziorik, idazlearen esanetan: "Ez dugu kontatu zer den gizonaren baserrira ezkontzea, nahi gabeko umeak edukitzea". Errelato horiek "gerora eraikitzen" ari direla uste du Alberdik, "iraganeko pertsonaiak sortuz". 

Urola Kostako zenbait herritan ere izan da Alberdi istorioak biltzen; Errezilen, Zarautzen, Getarian bertan eta Orion, esaterako. Errezilen, adibidez, zeuden bost andratik lau kanpotik Errezilgo baserriren batera ezkondutakoak ziren, eta han ulertu zuen hemen behintzat nondik etor daitekeen amaginarrebarekiko aurreritzi negatibo hori. "Konturatu nintzen baserri horietako agintea senarraren amak zuela, eta senarraren amak senarra babesten zuen, ez haren bikotekidea. Ezkon betebeharrak zeuzkaten: etxeko lanak egin beharra, kanpora joandako etxe horretako seme-alabei bazkaria jarri beharra igandeetan, garbiketa...", azaldu du. 

Hizketaren grazia idazten

Irakurterraza da Esne berriketan. Dena den, idazterakoan ez du pentsatzen Alberdik norentzako moduko liburua ari den sortzen. Bera zeharkatzen duten gaiak izaten dira. Kasu honetan, feminismoaren ikuspegitik kontakizun bilduma interesgarria izan daitekeela uste du: "Gu geu gara, pauso bat atzera eginda". Ahozkotasuna paperera eramatea, gainera, ariketa interesgarria izan da idazlearentzat. Hala egin zuen Belarriko kilkerra-n (Elkar, 2024). Urte dezente daramatza Alberdik zeregin horretan, ahozkotasun hori paperera nola eraman pentsatzen eta probak egiten; hala ikus daiteke Hetero ipuin bildumako zenbait pasarte eta elkarrizketatan ere. Entzute ariketak dokumentaziorako ez ezik, literatura sortzeko lehengaia izan dira harentzat, eta garrantzizkotzat du ahozkoaren aire hori, musika hori, esateko modua zaintzea idatziz jasotzean, "ez dadin pobrea eta akartonatua izan erabiltzen den hitzen gama".

Belarriko kilkerra liburuan bezala, Begoña Durrutik egin ditu ilustrazioak Esne berriketan kontakizun bildumarako ere. Hizketaren freskotasuna marrazkietara eraman nahi izan du hark: bizi-biziak dira, hizketaldiak bezala, zirriborro kutsuarekin; "gordinik zerbitzatuta", dio idazleak. Banaka jasotako istorioak Durrutik ilustratiboki lotu ditu. Horiei segika deskubrituko ditu irakurleak ustez ganorarik gabeko kontakizunak, esne berriketak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide