Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketako Hasierako Ikasketa Malguko eta Egokituko eta Zarauzko Oteiza Lizeo Politeknikoko ikasleek egindako eskulturak saritu dituzte gaur, ostirala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Departamentuak sustatzen duen 'Ekonomia zirkularra modelatzen' erakusketan. Gipuzkoako lanbide heziketa ikastetxeetako ikasleek sortutako eskulturak bildu dituzte Donostian, eta eskualdeko bi ordezkari horiek jaso dituzte sariak; 2.000 euro eskuratu ditu ikasle talde bakoitzak.
Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan egin dute erakusketa. Hori hala, ikasleek birziklatutako eta pieza artistiko bihurtutako materialetatik sortu dituzte beren eskulturak. Askotariko ikuspegiak erakutsi dituzte ikasleek eskulturen bidez, hala nola kontsumoari buruzko hausnarketa artistikoak eta naturaren zein industriaren arteko orekaren irudikapen sinbolikoak. Izarraitz Lanbide Heziketakoek gurpil bat egin dute, eskultura hezkuntzaren eta ekonomia zirkularraren sinbolo bihurtuz. Oteiza Lizeo Politeknikoko ikasleek, berriz, armiarma baten itxurako eskultura egin dute, hura ehuntzearen eta loturaren sinbolo bilakatuz.

Egitasmoaren helburua da eredu zirkular baterako trantsizioan hezkuntzak betetzen duen "funtsezko eginkizuna" ikusaraztea. "Eskuzko lanaren, esperimentazioaren eta berrikuntzaren bidez, gazteek erakusten dute posible dela hondakinei bigarren bizitza ematea eta balioa duten baliabide bihurtzea", azaldu du Jose Ignacio Asensio aldundiko Jasangarritasun diputatuak.
Ikasleen lana aintzatesteaz gain, egitasmoak hezkuntzara eta komunitatera begira duen balioa nabarmendu dute Donostian. Era berean, Asensiok balioa eman dio sormena, prestakuntza eta ingurumen kontzientzia uztartzen dituen proiektuan ikasleek eta irakasleek erakutsi duten inplikazioari: "Ekonomia zirkularra ikasgeletan hasten da. Eskultura bakoitzak martxan dagoen kultura aldaketa bat islatzen du: hondakinak aukeratzat hartzen dituen gazteena. Horrelako egitasmoek aukera ematen diete belaunaldi berriei ingurumeneko gaitasun teknikoak garatzeko. Trebetasun horiek ezinbestekoak izango dira beren etorkizun profesionalerako gero eta jasangarriagoak diren sektoreetan".
Ekonomia zirkularra "apustu estrategikoa" da aldundiarentzat "lurralde bidezkoago, berritzaileago eta erresilienteago" baterantz jotzeko. "Sektore horrek 10.000 enplegu inguru sortzen ditu egun, eta Barne Produktu Gordinaren (BPG) %10 inguruko ekarpena egiten du, enplegu berdearen eta ekoizpen modernizazioaren motor gisa finkatuz", esan dute.